Ekonomia -

Eusko Jaurlaritza

Euskadik 2017ko ekitaldia % 0,41eko superabitarekin itxi zuela zehaztu du Azpiazuk

EAEk urtea 1.047 milioiko superabitarekin itxi zuela azaldu zuen Hazienda Ministerioak astelehenean, hau da, Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 1,5arekin.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua. Irudia: EiTB
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua. Irudia: EiTB
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua. Irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik 2017ko ekitaldia % 0,41eko superabitarekin itxi zuela zehaztu du gaur Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak, astelehenean Hazienda Ministerioak % 1,5eko superabita iragarri bazuen ere.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua bildu ondoren agerraldia egin du sailburuak, Josu Erkoreka bozeramailearekin batera. Iazko aurrekontuaren bilakaeraren berri eman dute.

EAEk urtea 1.047 milioiko superabitarekin itxi zuela azaldu zuen Hazienda Ministerioak astelehenean, hau da, Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 1,5arekin.

Datuok zehaztu eta testuinguruan jarri ditu Azpiazuk; izan ere, Espainiako Gobernuak Europako erakundeen aurrean aurkeztu beharreko kalkulu baten emaitza dira, Jaurlaritzarekin Kupoaren inguruko akordioa adostu ondoren.

Azpiazu: "Gobernu zentralaren datua ez dator bat Eusko Jaurlaritzako aurrekontuaren errealitate zorrotzarekin"

Sailburuaren hitzetan, zenbateko hori “ez dator bat Eusko Jaurlaritzako aurrekontuaren errealitate zorrotzarekin”, eta datu “kontable bat da, erreala baino”.

Kupoaren akordioen eragina ezabatuz gero, EAEk % -0,1eko defizita izango lukeela erantsi du Azpiazuk. Hala ere, Gobernu zentralak 2017rako ezarritako mugaren azpitik (% -0,6) egongo litzateke.

Hala eta guztiz ere, Kupoko itunaren diru-sarrerak eta gastuak kontuan hartzea zuzenagoa dela uste du sailburuak. Horrek % 0,41eko superabita suposatzen du, 295 milioi eurorekin.

Iazko aurrekontuari dagokionez, hasierako 11.060 milioi euroak zergen diru-bilketari eta Kupoaren inguruko akordioari esker areagotu egin zirela azaldu du Azpiazuk. Horrela, ekitaldiaren amaieran 11.513 milioi euro izan dira, hasieran aurreikusitakoa baino 453 milioi gehiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertu Ekonomikoa Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea BPGd Nafarroa