Ekonomia -
EKAren txostenaren arabera
Kontsumoak behera egingo du Gabonetan hirugarren urtez jarraian
Inkestatutakoen artean inork ez du 1.000 eurotik gora gastatzea espero. % 81ak iazko diru kopuru berbera gastatzea espero du eta % 47k 500 eta 1.000 euro artean gastatuko dituela kalkulatzen du.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan, aurtengo Gabonetan kontsumoak eta familien gastuak behera joko dute hirugarrenez. Horixe islatzen du Gabonetako gastuei buruz Euskal Herriko Kontsumitzaileen Erakundeak 600 kontsumitzailerekin egindako inkesta batek.
Inkestatuen % 81,23k iazko Gabonetan beste gastatuko duela kalkulatzen du, eta % 17,24k apur bat gutxiago izango dela uste du. Arrazoi nagusiak krisia (% 58,82) eta hipoteka bezalako gainerako zorrak (% 31,37) dira.
Datu horien arabera, batezbesteko gastua 500 eta 1.000 euro bitartean izango da kasu gehienetan (% 47,31). Bitxikeria bat: 1.000 euro baino gehiago gastatzea ez da inoren aurreikuspenetan sartzen.
Gasturik handiena, jatekoetan Familia gehienetan (% 49,62) Gabonetako gasturik altuena etxean egiten diren otorduak dira. % 33,46tan opariek (jostailuak aparte) hartzen dute gasturik gorena. Eta %16,5tan, loteriaren erosketak.
Gastua murriztu behar izango balute, gehienek (% 45) etxez kanpoko otorduak murrizten hasiko lirateke eta % 30k loterian diru gutxiago jokatuko luke. Inkestatutako inork ez du mailegurik eskatzen Gabonetako gastuei aurre egiteko.