Ekonomia -
Errenta 2017
Errentaren kanpainan 259 milioi itzuli eta 224 jasotzea aurreikusi du Gipuzkoak
Autolikidaziorako proposamenak onar daitezke, eta 11.000 bat gipuzkoarrek egin dute dagoeneko goizeko lehen orduetan.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Ogasunak 2017ko Errentaren kanpainan 259 milioi euro itzultzea eta 224 jasotzea aurreikusi du. Beraz, 35 milioi euroko kitapen negatiboak izango ditu Aldundiak diru-kutxa publikoan, iaz baino 17 milioi gehiago, "ekonomiaren suspertzea" dela eta. Gainera, autolikidaziorako proposamenak telefonoz eta internet bidez onar daitezke gaurtik aurrera. 11.000 bat gipuzkoarrek onartu dute dagoeneko goizean.
Errentaren eta Aberastasun eta Ondare Handien inguruko informazioa eman dute prentsaurreko batean Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak, Jokin Perona Ogasun zuzendariak eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketa arloko zuzendari ordeak. Balorazio "positiboa" egin dute.
Larrañagak azaldu duenez, erakundeen arteko datu elkartrukeak eragindako akatsak egon dira hainbat autolikidazio-proposamenetan. Gaur bertan konpondu direla jakinarazi du, "langileen eta departamentuko taldearen ahalegin eta lan handiari esker".
Horrez gain, Foru Ogasuneko bulegoetan egiten diren deklarazioetarako txanda apirilaren 20tik aurrera eskatu ahal izango dela esan du, eta 23tik aurrera aurkeztu. Autolikidaziorako jasotako proposamenekin ados ez dauden deklarazioak aldatzeko txanda eskatzeko aukera apirilaren 26an ipiniko dute martxan. Kanpaina ekainaren 30ean amaituko da.
Zerga-betebeharrak "ongi betetzea" eskertu die Larrañagak herritarrei. Halaber, zergak ordaintzea ezinbestekoa dela gogoratu du, Gipuzkoako "ongizate mailari eusteko". Bestalde, errenta aitorpena euskaraz aurkezteko deia egin du.
Zergabidea
Zergak aurkezteko ZergaBidea online tresnari buruz ere hitz egin du, zerbitzua "hobetzen" azpimarratzeko. Dominguezen esanetan, plataforma berri horrek "zerbitzua hobetzen eta akatsak ekiditen" laguntzen du.