Ekonomia -

Hezkuntza Mahaia

Akordiorik gabe bukatu da Hezkuntza Sailararen eta sindikatuen arteko bilera

Sindikatuek zehaztasun falta egotzi diote Hezkuntza Sailari bere proposamenetan. Eusko Jaurlaritzaren ustez, aldiz, "negoziazioei esker emaitzak lortzen ari dira".

Steilas, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren ateetan. EFE.
Steilas, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren ateetan.
Steilas, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren ateetan. EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen arteko Irakasle funtzionarioen Mahai Sektorialaren bilera akordiorik gabe bukatu da asteazken honetan, eta maiatzaren 4rako deitu dute bilera berriro. Bileraren ostean, sindikatuek zehaztasun falta egotzi diote Hezkuntza Sailari bere proposamenetan; Eusko Jaurlaritzaren ustez, aldiz, "negoziazioei esker emaitzak lortzen ari dira".

Datorren asterako Hezkuntza ez unibertsitarioan, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitutako bost eguneko greba bertan behera uztea erabaki ostean egin dute Hezkuntza Mahaiaren bilera.

Jaurlaritzak proposamen berriak jarri ditu mahai gainean, baina sindikatuen hitzetan, horiek "urriak" izateaz gain, "ez dira zehatzak".

Hori dela eta, maiatzean mobilizazioekin jarraitzeko aukeraren inguruan galdetuta, Steilasek eta LABek ez dute aukera hori baztertzen; ELAk, berriz, grebekin aurrera jarraitzeko asmoa agertu du, gaurko bilera "etsigarria" izan dela iritzita.

Bestalde, Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea pozik agertu da sindikatuekin gaur izandako bilerarekin, akordioa adosteko bidean "aurrera egiten laguntzen" duelako.

Hezkuntza Sailak gaur mahai gainean jarritako proposamenen artean, honakoak daude: Hiru urteko geletarako langileen errefortzua, geletan bataz besteko ratioa 20 ikasletik gorakoa bada; Haur eta Lehen Hezkuntzako etapetan administrazio zereginak burutzeko plazak sortzea, eta langileen lizentzia eta baimenak handitzea.

Horiez gain, beste proposamen hauek ere egin ditu: Lanbide Heziketa euskalduntzeko langile berriak kontratatzea, hezkuntza behar gehien dituzten ikasgelak laguntzeko indize bat garatzea eta aldi baterako ezintasun kasuetan % 100a kobratzeko lan egitea.

Gaur mahai gainean jarritako proposamen horiez gain, Hezkuntza Sailak beste hainbat neurri ere iragarri ditu dagoeneko: 2018ari begira Bigarren Hezkuntzarako eta Lanbide Heziketarako 1.511 lanpostuko lan eskaintza egitea eta guztira legegintzaldi osoan 5.000 lanpostu eskaintzea, hirugarren egunetik aurrera Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan ordezkapenak egitea, aurrez iragarritako bajak lehen egunetik ordezkatzea eta bitartekotasun tasa % 27tik % 17ra jaistea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak Hezkuntza Sindikatuak Irakasleak azken ordukoa