Ekonomia -

Hotel gehienak, beteta

1.000 euro baino gehiago, errugbi finaleko asteburuan Bilbon bi egun lo egiteko

Bizkaiko hotelak lepo daude maiatzaren 11ko astebururako. Izan ere, Bilbon Europako errugbi txapelketa nagusien finalak jokatuko dira egun horietan, eta, Portugaleten, Espainiako Waterpolo Txapelketa.

Europako errugbi txapelketa nagusien finalen aurkezpena San Mames zelaian. Irudia: artxiboko irudia.
Europako errugbi txapelketa nagusien finalen aurkezpena San Mames zelaian. Irudia: artxiboko irudia.
Europako errugbi txapelketa nagusien finalen aurkezpena San Mames zelaian. Irudia: artxiboko irudia.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbon bi gau pasatzeko gela bat 1.290 euroren truke. Hori da hotelek maiatzaren 11 eta 13 arteko asteburuan ostatu hartzeko batez beste duten prezioa. Dena, San Mames futbol zelaian egingo diren errugbi finalak direla eta.

Aurreko astean, maiatzaren 4tik 6ra, logela batek, batez beste, 233 euro balio du. Errugbi finalen asteburuan, berriz, nabarmen garestitu da prezioa, 1.000 eurotik gora ordaindu behar baita gela baten truke; hots, ohi baino sei aldiz gehiago. Horren ildotik, batez beste, hiru izarreko hoteletan 1.290 euro ordaindu behar dira bertan bi gau igarotzeko; pentsioetan, 1.140 euro; lau izarreko hoteletan, 1.600; eta bi izarrekoetan, 1.740.

Bilbo erdigunean dauden apartamentuek eta ostatuek ere igo dituzte prezioak, 2.000 eta 1.200 euro inguruko salneurriak eskainita, hurrenez hurren.

Logelen prezioak ohi baino handiagoak izan arren, Bilboko hainbat hotel beteta daude; Ercilla eta Melia hotelak, esaterako. Gehienetan % 100eko okupazioa dute, eta oraindik beteta ez daudenetan bost logela baino gutxiago dituzte eskuragarri.

Bilbotik gertu dauden herrietan ere arazoak daude logelak topatzeko, eta libre daudenak ohi baino askoz garestiago dituzte. Esaterako, Zamudioko hiru izarreko hotel batean lo egiteko 1.100 euro ordaindu behar dira, eta, Santurtzin, 1.350. Derion, berriz, 600 eta 800 euro artean daude logelak.

Testuinguru horretan, KontsumoBIDEk azaldu du ostatu bakoitzak erabakitzen duela logelen prezioa.

Bestalde, asteburu berean Waterpoloko Espainiako Txapelketa jokatuko da Portugaleten, eta, horren ondorioz, Estatu osotik etorriko diren jokalariek eta zaleek zailtasunak dituzte hotela topatzeko. Asko Bizkaitik kanpo ere ari dira ostatu bila, Bilbotik 40 minutura dauden landetxeetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Portugalete Zer gertatu da gaur Bizkaian? Turismoa Euskadi berriak Ekonomia Albisteak Turismo-apartamentuen albisteak