Ekonomia -
Ertzaintza
Sailak, ErNEk eta ESANek aurreakordioa lortu dute, Brigada Mugikorra modernizatzeko
Gehiengo sindikalarekin adostutako aurreakordioa maiatzaren 2an berretsi beharko du negoziazio kolektiboaren mahaiak.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta ErNE eta ESAN gehiengoa duten sindikatuek aurreakordio bat lortu dute, ertzainen lan-baldintzak hobetzeko eta Brigada Mugikorra modernizatzeko, Sailak jakitera eman duenez.
Estefania Beltran de Heredia sailburua sindikatuetako ordezkariekin bildu da gaur, Ertzaintzaren Erandioko (Bizkaia) polizia-etxe nagusian. Aldebiko bilerak amaitu ondoren, aurreakordioaren puntu nagusien berri eman du Sailak agiri batean. Hala ere, gehiengo sindikalarekin adostutako aurreakordioa maiatzaren 2an berretsi beharko du negoziazio kolektiboaren mahaiak.
Ertzainentzako eta Sailarentzako “onuragarria” eta “garrantzitsua” den aurreakordioa baloratu du sailburuak. Aldi berean, negoziazioak beti zailak eta gogorrak izaten direla onartu du Beltran de Herediak.
Adostutako akordioak Brigada Mugikorra modernizatzeko aukera emango du, berrikuntzaren eta gaztetzearen bidez. Horrela, beharginen lan-baldintzak eta osasuna zein egoera fisikoa bermatzeko neurriak bateratzea aurreikusi dute.
Berrikuntzarako eta langileak gaztetzeko, espezialitate ikastaro berriak egingo dituzte. Bestalde, sekzio guztientzako ordutegi berdinarekin, lan-baldintzak bateratuko dituzte.
Brigada Mugikorreko ertzainen sasoia mantentzeko, urtero lanorduetan 16 entrenamendu egitea adostu dute. Gainera, unitatean 20 urte baino gehiago daramatzaten ertzainek beste bi lan saio bateratu eta proba fisiko bereziak egin beharko dituzte.
Adinak mugatutako zerbitzu aktiboari (SAM) dagokionez, 55 urtez gorako ertzainek, nahi dutenek, erretiroa hartu arte gaueko ordutegian lanaldiak betetzea bermatzen du akordioak; soldataren osagarria areagotuz.
ESANek nabarmendu duenez, Segurtasun Sailarekin adostutako aurreakordioak Brigada Mugikorreko “ordutegiaren malgutasuna asko mugatzeko” asmoa du.
ELAk, ostera, aurreakordioa kritikatu du. Sindikatu abertzalearen hitzetan, “aldebiko bilera ilunak, legeak ezarritako esparruetatik at, akordioak negoziatzeko eta ixteko erabiltzea, negoziazio mahai orok izan beharko lukeen fede ona zapuztea da”.