Ekonomia -
Toledoko Ituna
Gobernuak dio 'saihestezina eta atzeraezina' dela pentsioen erreforma
Valeriano Gomez Lan ministroak, bestalde, lan alorreko aldaketa guztiek ez dutela "atzera bueltarik" eta "aurreikusitako epean" egingo dituztela ziurtatu du.
Erredakzioa
Valeriano Gomez Lan eta Immigrazio ministroak esan du Toledoko Itunean eztabaidatzen ari diren pentsioen erreforma "saihestezina eta atzeraezina" dela Gizarte Segurantzari eusteko. Era berean, lan alorreko aldaketa guztiek ez dutela "atzera bueltarik" eta "aurreikusitako epean" egingo dituztela ziurtatu du.
"Egiteke dauden erreformak burutzeko gaude hemen", adierazi du Kongresuko Lan eta Immigrazio Batzordean egindako agerraldian. Gainera, aldaketek lanpostuen sorrera ekarriko dutela eta, adostasuna lortzeko "esfortzu handia" egiten ari omen da Gobernua.
Gobernua prestatzen ari den lan politika aktiboen erreformaren helburua Lan Sistema Nazional "indartsua" lortzea dela azaldu ondoren, Gomezek ohartarazi du baliabideak handitzeko aukerak "oso urriak" direla.
Negoziazio kolektiboaren erreformari buruz, Gomezek solaskide sozialen "autonomiari" emango dio lehentasuna, baina bi aldeko negoziaketek fruiturik ematen ez badute, ministroak azpimarratu du Gobernuak "sustatuko" dituela ekimenak elkarrizketa sozialaren baitan egoki jotzen dituen erreformak egiteko.