Ekonomia -

Krisiaren aurreko neurriak

Estatuak 14.000 milioi euro jasoko ditu pribatizazioen ondorioz

Gobernuak AENAren % 49 eta Estatuko Loterien Erakunde Publikoaren % 30 pribatizatzea aurreikusi du. Erabakia datorren ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernuak, Espainiako Aireportuak eta Airezko Nabigazioa (AENA) eta Estatuko Loterien Erakunde Publikoa pribatizatuta, 14.000 milioi euro jasotzea espero du, Moncloatik jakinarazi dutenez.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak aurkeztu du bi elkarteon zati banaren pribatizazioa; hain zuzen ere, AENAren % 49 eta Estatuko Loteria eta Apustuen Elkarte Publikoaren % 30 pribatizatuko dituzte.

Erabakia datorren ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan, Zapaterok Gobernuaren kontrolerako bilkuran aurkeztutako gainerako neurriekin batera.

Gobernuaren kalkuluen arabera, 8.000 eta 9.000 milioi euro artean jasoko dituzte AENAren % 49 pribatizatuta; Estatuko Loteriak pribatizatuta, aldiz, 4.000 eta 5.000 milioi euro bitarteko diru sarrera izango du Estatuak. Kasu bietan "neurrizko" kalkuluak egin dituzte.

Gobernuak jakinarazi duenez, badago Estatuko Loterietan inbertitzeko interesa; hortaz, ez dute kapitalaren % 30 merkatura ateratzea baztertu. 2009an Estatuko Loterien elkarteak 9.800 milioi euro jaso zituen, 2008an jasotako 10.000 milioi euroak baino % 2 gutxiago. Diru-sarrera horietatik 3.000 milioi euro Altxor Publikora joan dira zuzenean.

AENAri dagokionez, Espainiako Aireportuak eta Airezko Nabigazioa enpresaren % 49 pribatizatuta Gobernuak hasierako asmoa aldatu du; izan ere, erakunde pribatuen esku % 30 jartzea aurreikusi zuten. Aireportuetako terminaletan kapital pribatua sartzeko, Gobernuak Estatuko Aireportuak Kudeatzeko Enpresa (Egaesa) sortu nahi du. Horrek AENAko 12.000 langileak banatzea ekarriko luke.

Gobernuak azaldu duenez, pribatizazio bi horien bidez lortuko diren 14.000 milioi euroak Espainiaren 2010eko zorraren laurdena izan daitezke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea