Ekonomia -

Elkarrizketa CNBC katean

Zapatero: 'Espainiaren hazkundea handienetakoa izango da 2012an'

Espainiako Gobernuko presidenteak ziurtatu du Espainiako ekonomia hurrengo urtean hasiko dela hazten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako ekonomia hurrengo urtean haziko da berriro, eta baliteke Europar Batasunean hazkunde handienetakoa izango duenetakoa izatea, Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuak bart ziurtatu duenez.

Espainiako Gobernuko presidentea CNBC telebista-katean elkarrizketatu dute, hau da, finantza informazioari buruzko AEBetako kate inportanteenean.

"Analisi batzuen arabera, abiatutako erreformen ondorioz, baliteke Espainia Europar Batasunean hazkunde handienetakoa izango duen herrialdeetakoa izatea 2011 edo 2012 urtean", adierazi du.

Hain zuzen ere, Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) eta JPMorgan agentziaren txostenak aipatu ditu. Izan ere, haien aurreikuspenen arabera, 2011n eta 2012an Espainia "balore merkatuko herrialde erakargarrietakoa" izango da.

Maria Bartiromo CNBCko aurkezle ezagunak azaldu duenez, Zapaterok baieztatu dio negoziatzen dagoela hainbat funts kudeatzailerekin, kapital pribatua erakartzen saiatzeko.

Zapaterok hainbat neurri iragarri zituen atzo, hala nola aireporturen eta loteriaren pribatizazio partzialak.

Espainiako Gobernuko presidenteak CNBCri bi hilabetetan eskainitako bigarren elkarrizketa izan da bartekoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea