Ekonomia -
Lan gatazka
Pilotuen greba, airean oraingoz
Sindikatuek eta Sustapen Ministerioak bilera egin dute. Ministerioak zirriborro bat helaraziko die hurrengo asteetan, eta zentralek hori ezagutu arte itxarongo dute.
Erredakzioa
Pilotuek alboratu egin dute oraingoz Gabonetan greba deitzeko aukera, eta Sustapen Ministerioak abenduaren 9an edo 10ean atseden eta lan denborei buruz emango dien txostena ezagutu arte itxarongo dute.
Sindikatuak Garraioko Estatu idazkariarekin batzartu dira, lan gatazka konpontzen saiatzeko, eta langileen ordezkariek adierazi dute "pozik" atera direla bileratik, eskakizun batzuk onartu egin baitizkiete.
Gaur adostutakoa zirriborro batean bilduko du Sustapen Ministerioak. Atzo, Jose Blanco ministroak lasaitasuna eskatu zuen, eta akordioa lortzea posible dela iritzi zion.
Nolanahi ere, akordiorik ezean, neurriak hartu beharko dituela ohartarazi zuen.
Pilotuek duela urtebete hartutako konpromisoa betetzea eskatzen diote, hots, langileen atseden eta lan denborak arautzea.
Europako araudiak 2.000 lan ordu ezartzen ditu, eta 900 hegan egiteko, baina hainbat konpainiak gainditu egiten dituzte muga horiek.