Ekonomia -
USCA
Aireportuen ereduak eragin du protesta, kontrolatzaileen hitzetan
Espainiako zenbait aireportu ixtera behartu duen protesta "berezkoa" izan dela adierazi du aire-kontrolatzaileen sindikatuak (USCA).
Erredakzioa
Espainiako zenbait aireportu ixtera behartu duen protesta "berezkoa" izan dela adierazi du aire-kontrolatzaileen sindikatuak (USCA). Aireportuak kudeatzeko eredu berria onartu du Gobernuak eta horrek eragin du protesta, USCAren ahotan.
Sindikatuko iturriek jakitera eman dutenez, lantokian agertu ez diren aire-kontrolatzaileak lasaitzen saiatu da Camilo Cela USCAko presidentea. Gobernuak kolektiboari urtero lan egin beharreko ordu kopurua ezarri dio gaur eta aire-kontrolatzaileak protesta "masiboa" egiten ari dira Estatuko aireportu nagusietan.
Iturri berdinek azaldu dutenez, aire-kontrolatzaileak "oso urduri" daude, Ministroen Kontseiluak onartutako lege-dekretua dela eta. 1.670 ordu ezartzen ditu urtero, eta horregatik protesta egitea erabaki dute aire-kontrolatzaileek.
Aire-kontrolatzaileek lan egin dezaketen ordu kopurua mugatu du gaur Ministroen Kontseiluak onartutako neurri ekonomikoen lege-dekretuak. Bertan ere aireportuen eredu berria ezartzen da.
Lasaitasuna
Lege-dekretua onartu ostean, USCAko presidenteak lasaitasuna eskatu dio kolektiboari.
Baina Celak lasaitasuna eskatzen zuen bitartean, Barajaseko aireportuan operazioak bertan behera geratu dira, aire-kontrolatzaileek euren lantokiak utzi eta gero.