Ekonomia -
Petrolioaren salneurria
Brent petrolio-upelak 77 dolarren maila gainditu du eta 2014ko maximoetara heldu da
AEBk Teherango itun nuklearra bertan behera utzi eta Iranen aurkako zigorrak berrezarriko zituela iragarri ostean, petrolioaren prezioak gora egin du.
Agentziak | Erredakzioa
AEBk Teherango itun nuklearra bertan behera utzi ostean, petrolioaren prezioa 2014an izandako maximoetara heldu zen atzo, batetik, Donald Trumpek Iranen aurkako zigorrak ezarriko dituela iragarri duelako, eta, bestetik, petrolio esportazioek behera egin dutelako.
Hori dela eta, Brent petrolio-upelak 77 dolarren maila gainditu, eta 78 dolarretik hurbil gelditu zen atzo.
Bestalde, AEBk, ustekabean, 2,2 milioi upel gutxiago esportatu zituen atzo, eta horrek ere eragina izan zuen prezioaren garestitzean.
Iran petrolio-ekoizlerik handienetarikoa da
Iranek 2,5 milioi upel inguru esportatzen ditu egunero, mundu mailako eskakizunen % 3, hain zuen. Analisten ustez, Irango petrolioaren salmentei ezarritako beto berri batek eragin handia izango du merkatuaren orekan.
Donal Trump presidenteak asteartean iragarri zuenez, AEBk 2015ean sinatutako akordio nuklearra utziko du. Akordioa hainbat herrialdek sinatu zuten (AEB, Iran, Errusia, Txina, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemania), eta, akordio horri esker, Teherani zigorrak kendu zizkioten Iranek programa atomikoa murriztearen truke.
Trumpek 180 eguneko muga ezarri du Irango petrolioa eta produktu petrokimikoak erosteari utzi aurretik.
Neurri horrek, egunero Irango 400.000 upel gutxiago esportatzea ekar dezake, Sam Alderson Energy Aspects enpresako analistaren ustez. Ondorioz, besteak beste, Europako, Hego Koreako, Indiako eta Japoniako findegiek ordezko hornitzaileak bilatu beharko dituzte.
Zigor berriak ezartzearen ondorioz, gainera, Iranen lan egin nahi duten enpresek zailtasun handiagoak izango dituzte finantzazioa lortzeko eta aseguru berriak negoziatzeko, eta, praktikan, zigorrek petrolioaren salerosketan murrizketa osagarriak eragin ditzakete.
Ondorioz, Teheranek petrolioaren produkzioa murriztu lezake, erreserbak gordetzeko instalazioak bete ostean, Andersonen hitzetan.
"Murrizketa edozein dela ere, petrolioaren gaineko zigorrak berrezartzeak eragina izango du datozen hilabeteotan mundu mailan", esan du adituak.