Ekonomia -
Urteko bigarren erreskatea
Europak 85.000 milioiko erreskatea abian jarri du Irlandarentzat
Espainiak 2.600 milioi euro emango ditu, eta Irlandako Gobernuak 17.500 milioi. Halaber, defizit publikoa murrizteko epea urtebete luzatu diote Dublini.
Erredakzioa
Ecofin Europar Batasuneko (EB) Ekonomia ministroek 85.000 milioiko erreskate finantzarioa abian jarri du Irlandarentzat astearte honetan.
85.000 milioi horietako 50.000 milioi Dublineko Gobernuaren jarduna finantzatzeko izango dira, eta gainerako 35.000 milioiak banketxeei emango dizkiete. Irlandako Gobernuak azaldu duenez, % 5,8ko interes-tasa ordainduko dute, eta zazpi urte eta erdiko epea izango dute diru kopuru hori itzultzeko.
Ecofinek, halaber, laguntzaren truke Irlandak bete beharrekoak zehaztu dituzte: banketxe sistemaren berregituraketa, hazkunde pizteko erreformak -batez ere, lan arloan-, eta 15.000 milioiko zerga-doiketa hurrengo lau urtetarako. Horrez gain, defizit publikoa murrizteko epea urtebete luzatu diote Dublini; % 32ko aurtengo Barne Produktu Gordina (BPG) % 3ra murriztu beharko dute 2015 urterako.
Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) 22.500 milioi euro emango dizkio Irlandari, eta beste horrenbeste Egonkortasun Finantzarioaren Europako Mekanismoak. Euroguneko herrialdeek kopuru hori ere bideratuko du, eta honako herrialdeek honako maileguak iragarri dituzte: Erresuma Batuak, 3.800 milioi; Suediak, 600 milioi; eta Danimarkak, 400 milioi. Irlandak, halaber, pentsioen funtseko 17.500 milioi euro bideratuko ditu.
Espainiak 2.600 milioi euroko balioa duten abalak emango ditu. Aurrekoan, 9.794 milioi euroko mailegua eman zioten Greziari.
Irlandakoa EBk aurten martxan jartzen duen bigarren erreskatea da. Ekonomia ministroek 110.000 milioi euroko hirugarren diru-laguntza onartu zuten Greziarentzat maiatzean, eta urtarrilean jasoko du.