Ekonomia -

Mobilizazioak

'Pentsio duinak' eskatuko dituzte berriro larunbat honetan

Hego Euskal Herriko pentsiodunek eta alargunek manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean.

Pentsiodunen kolektiboaren mobilizazio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Pentsiodunen kolektiboaren mobilizazio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Pentsiodunen kolektiboaren mobilizazio bat. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko pentsiodunek eta alargunek manifestazioak egingo dituzte berriro larunbat honetan, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean, “pentsio duinak” eskatzeko. KPIren arabera, pentsioen balioa bi urtez handitzeko EAJ/PP akordioak 2013tik galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko balio ez duela uste dute elkarteek.

Aurora Bilbao eta Xabier Isasa Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduko eta Pentsionistak Martxaneko bozeramaileek, hurrenez hurren, prentsaurrekoa eman dute ostiral honetan. “Indarra eta energia dugulako, arrazoia dugulako eta errespeta gaitzaten nahi dugulako” protesta egingo dutela zehaztu dute ordezkariek agerraldian.

Aurora Bilbaok adierazpen adostu bat irakurri du. EAJk eta PPk 2018ko Aurrekontu Orokorrak aurrera ateratzeko adostu duten akordioari dagokionez, “pentsioen sistema publikoak epe luzerako ikuspegi bat eta neurri egonkorrak behar ditu; ezin dira aurrekontuetako negoziazioen menpe egon”, adierazi du bozeramaileak.

Aurrekontuetako akordioarekin pentsiodunek 2013tik galdu duten erosteko ahalmena berreskuratzen ez dutela zehaztu du Bilbaok; orduan sartu baitzen indarrean Rajoyren Gobernuaren pentsioen erreforma. Jeltzaleen eta PPren arteko akordioak ez du “iraunkortasun faktorea” zalantzan jartzen, ondorioz, pentsioak behera egingo du bizi-itxaropenak gora egiten duen heinean, azaldu duenez. Gainera, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aitortzeko ezezko “biribila” eman dute orain arte, gogorarazi duenez.

"Erronka demografikoei eta bizi-itxaropenaren igoerari aurre egiteko diru nahikorik ez dagoela esaten dutenean gezurretan ari dira"

“Erronka demografikoei eta bizi-itxaropenaren igoerari aurre egiteko diru nahikorik ez dagoela esaten dutenean gezurretan ari dira. Krisi aurretik baino aberastasun handiagoa dago, baina banaketa bidegabeagoa”, azpimarratu du agiri bateratuak. Espainiak batezbeste “inguruko herrialdeek baino BPGren 4 puntu gutxiago gastatzen ditu pentsioetan, 46.000 milioi euro, alegia”, gaineratu duenez.

Udan mobilizazioak mantenduko ote dituzten galdetu zaienean, Pentsiodunen Mugimenduko kideek astelehenetako elkarretaratzeekin jarraitzeko asmoa dutela aurreratu du Xabier Isasak, baina erabaki bat hartu baino lehen “jendea entzun” beharko dutela onartu du.

Eragile ugariren babesa lortu dutela nabarmendu dute larunbat honetako manifestazioen deitzaileek. Besteak beste, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako kideek, mugimendu feministek eta gazte erakundeek mobilizazioekin bat egin dute, baita Izquierda Unidak, Ezker Anitzak, UGT sindikatuak eta PSE-EEk ere. Horrela, Idoia Mendia buruzagi sozialista manifestazioan izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Gasteiz Albisteak Manifestazioak Pentsioak