Ekonomia -
Kongresuan
Pablo Hernandez de Cos proposatuko dute gaur Espainiako Bankuko gobernadore kargurako
Gaur egun entitate horretako Ekonomia eta Estatistika zuzendari nagusia da. Luis Maria Linderen agintaldia ekainak 8an agortuko da.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Gobernuak Pablo Hernandez de Cos Espainiako Bankuko gaur egungo Ekonomia eta Estatistika zuzendari nagusia proposatuko du gaur gobernadore kargurako, Luis Maria Linderen lekukoa hartzeko, horren agintaldia ekainak 8an agortzen baita, sei urtez karguan izan ostean, Ekonomia Ministerioak Europa Pressi azaldu dionez.
Roman Escolano Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun ministroak Hernandez de Cosen izena proposatuko du Linderen kargua hartzeko, gaur 11:00etan Diputatuen Kongresuko Ekonomia Batzordean egitekoa duen agerraldian.
Ministeriotik adierazi dutenaren arabera, hautagai "bikaina" da gobernadore kargurako, "gaitasun tekniko handiagatik", bereziki banku eta monetaren arloetan, bere "independentzia politikoagatik" eta Espainiako Bankuan zein Europako Banku Zentralean (EBZ) duen "eskarmentu eta entzuteagatik".
Hernandez de Cos Espainiako Bankuko Ikerketa Zerbitzuko tituluduna da eta gaur egun Ekonomia eta Estatistika zuzendari nagusia da. EBZean hainbat kargutan aritu da 2000az geroztik eta 2015etik gobernadorea ordezkatzen du Gobernu Kontseiluan.