Ekonomia -

Lan istripua

Orozkon lan istripuan zauritutako beharginetako bat hil da

54 urteko gizonezkoa makina baten harrapatuta geratu zen atzo beste lankide batekin batera. Arcanor enpresako langileek greba egin dute gaur, dolua adierazteko.

Larrialdietako langileak beharginak artatzen. Argazkia: Bizkaiko suhiltzaileak
Orozkoko lan istripua. Argazkia: Bizkaiko suhiltzaileak
Larrialdietako langileak beharginak artatzen. Argazkia: Bizkaiko suhiltzaileak

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orozkon atzo izandako lan istripuan zauritutako beharginetako bat hil da bart, Orozkoko Udalak Facebooken jakinarazi duenez. Udalak doluminak eman dizkie senitartekoei

Istripuan bi behargin zauritu ziren, biak ere larri. Arriberriko harrobian lanean ari ziren, konpontzen ari ziren makinan harrapatuta geratu zirenean. Gurutzetako Ospitalera eraman zituzten, bata helikopteroz eta bestea anbulantzian. 54 urteko gizonezkoa da hildakoa.

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Aridos y Canteras del Norte S.A.U (Arcanor) enpresako langileak ziren.

Hain justu, Arcanor enpresako langileek ohar batean iragarri dute asteazken honetan greba egingo dutela dolua adierazteko. Hedabideei bidalitako agirian, doluminak eman dizkiote hildako lankidearen familiari eta larri zaurituta dagoenaren sendiari "indarrak bidali". Azken horren osasun egoera argitzen denean protesta gehiago egiteko aukera zabalik utzi dute beharginek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Orozko gaur