Ekonomia -
Kontrolatzaileen krisia
Sustapen Ministerioak liberalizatu egingo ditu kontrol dorreak
Hamahiru kontrol dorre esleitzeko lehiaketa publikoa "aurki" deituko dute, eta gainerakoekin 2012tik aurrera egingo dute.
Erredakzioa
Jose Blanco Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak iragarri du Exekutiboak liberalizatu egingo dituela, era partzialean, aireportuetako kontrol dorreak.
Hamahiru kontrol dorre esleitzeko lehiaketa publikoa "aurki" deituko dute, eta gainerakoekin 2012tik aurrera egingo dute.
Blancok agerraldia egin du gaur goizean Kongresuko Sustapen Batzordean, kontrolatzaileekin piztutako krisiaz azalpenak emateko.
Bertan azaldu duenez, aipatu zerbitzuak liberalizatu eta gero, AENA ez beste hainbat enpresa ere arituko dira aire zirkulazioa kontrolatzen.
Lehenengo etapa 2011n egingo dute. Horretan, honako dorreak liberalizatuko dituzte: Alacant, Valentzia, Ibiza, Palma, Lanzarote, Fuerteventura, Sevilla, Xerez, Sabadell, Cuatro Vientos, Vigo, Coruña eta Melilla.
Ministroaren esanetan, prozesu honekin hautsi egingo dute AENAren monopolioa Espainiako aire-zerbitzuen kontrolean.