Ekonomia -
Enpresak
Novaltiak Europako banaketa biltegi aurreratuena eraikiko du Bizkaian
Lezama eta Zamudio artean eraikiko duten zentro berria 2019an ipiniko dute martxan. Kooperatibak jakinarazi duenez, 10 milioi euroko inbertsioa egingo du enpresak.
Agentziak | Erredakzioa
Farmazia-banaketa sektoreak diharduen Novaltia kooperatibak biltegi berria eraikiko du Lezama eta Zamudio artean. Guztiz robotizatuko dute, eta 10 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu enpresak.
Zentro logistiko berria 2019an ipiniko dute martxan. 9.000 metro karratu izateaz gain, punta puntako teknologiarekin lan egingo du. 6 milioi euro gastatuko dituzte robotizatzeko, eta egunean 10.000 eskari aurrera atera ahal izateko. Egunean 300.000 ale saltzea espero dute.
Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak hartu du parte eraikinaren lehen harria jartzeko gaur goizean egindako ekitaldian. Halaber, Imanol Pradales Garapen Ekonomikorako foru diputatua ere izan da.
Novaltiak lau zentro logistiko ditu: Zaratamon, Gasteizen, Zaragozan eta Calatayuden. 1.000 bazkide ditu kooperatibak Euskadin eta Aragoin. Horrez gain, munduko osoko 650 laborategirekin egiten du lan.
Enpresak azaldu duenez, gaur egungo farmazia eredua eta prestazioa ez litzateke posible izango banaketa sektorerik gabe. Izan ere, sendagaia edonora eramatea ahalbidetzen du, ibilbidearen kostu ekonomikoa eta farmaziaren kokapena edozein dela ere.
Enpresak 316 milioi euroko negozio-zifra izan zuen, 2016an baino % 1,8 gehiago. Halaber, zergak kontuan izan gabe, 2,2 milioi euroko irabaziak izan zituen.