Ekonomia -
Eztabaida jardunaldiak
Baliabide guztiekin euroa defendatzeko konpromisoa hartu du EBk
Euroa "Europako integrazioaren oinarrizko zatia" izaten jarraitzeko konpromiso konkretuak zehaztu dituzte idatziz Europar Batasuneko buruzagiek.
Erredakzioa
Merkatuei abisu bat eman diete gaur Europar Batasuneko (EB) gobernuek. Euroguneari finantza-egonkortasuna bueltaltzeko borondate eta baliabideak ditu Europak. Izan ere, zor krisi larri batek mehatxatzen du eurogunea duela zenbait hilabete.
Bi eztabaida jardunaldien amaieran, funts iraunkor berri bat martxan jartzea erabaki dute EBko buruzagiek, eta euroa "Europako integrazioaren oinarrizko zatia" izaten jarraitzeko konpromiso konkretuak zehaztu dituzte idatziz.
"Gure estrategiari oinarrizko beste pieza bat erantsi diogu gaur", iragarri du Herman Van Rompuy Kontseilu Europarreko presidenteak urteko azken goi-bilera itxi duen prentsaurrekoan.
Van Rompuyk azaldu duenez, Lisboako Ituna erreformatzeko modu azkar eta mugatu bat da, 2013ko erdialdean merkatuen finantzaketa arazo larriak dituzten euroguneko Estatuei laguntzeko mekanismo iraunkor bat izateko.
Ez da opari bat
Fondo berria ez da inorentzako opari bat, ezta lasaitzeko arrazoi bat ere, maileguek oso baldintza zorrotzak izango dituztelako, Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) arauak errespetatuz.
Baina berritasun handia da, izan ere, Europak ez du Estatu kideren baten porrota saihesteko tresna propiorik izan 1999ean batasuna sortu zenetik.
Fondoaren zenbatekoa ez dute zehaztu, baina euroguneko egonkortasuna bermatzeko "beharrezko guztia" egiteko prest daudela argi utzi dute Europako gobernuburuek, espekulatzaileak ohartaraziz: "Kontuz, poltsikoak beterik ditugu", Didier Reynders Belgikako Finantza ministroaren ahotan.