Ekonomia -
Eusko Jaurlaritza
281 milioi bideratuko dira 1.000 eurotik behera irabazten dutenentzat
Gemma Zabaleta sailburuak azaldu duenez, egun inoiz baino diru gehiago ematen da errenta horren bidez, eta inoiz baino jende gehiagori.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Gaietarako sailburuak amaitutzat eman du diru-sarrerak bermatzeko errentaren eztabaida. Helburua, "gardentasun osoa diru laguntzetan", Gemma Zabaletaren esanetan.
Sailburuak azaldu duenez, egun inoiz baino diru gehiago ematen da errenta horren bidez, eta inoiz baino jende gehiagori.
Gaur, Jaurlaritzak diru sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako diru laguntzen kudeaketa osoa Lanbideren esku jartzeko Lege egitasmoa onartu du.
Orotara 60.900 pertsonek kobratzen dute diru sarrera bermatzeko errenta (750 euro, gutxi gora behera). Laguntza hau izateko, hilean 1.000 euro baino gutxiago sartu behar dira etxean. Familia izan ezkero, 997 euroraino kobratu daitezke.
Gehienetan, etxebizitzarako beste laguntza bat ere ematen da, eta horretan beste 43 milioi erabiltzen ditu Jaurlaritzak.
Urtero inspekzioa egitera behartuta dago Jaurlaritza, legez. Datozen sei hilabeteetan laguntza publikoa jasotzen duten kasu guztiak aztertuko ditu, Zabaletak azaldu duenez. Helburua, "gardentasuna lortzea", sailburuaren hitzetan.
Laguntza hau jasotzen dutenen % 60k ezin dute lanik egin pentsiodunak direlako edo gizartean oso baztertuta daudelako, baina besteek bai. Ia 2.400k enplegu programetan daude dagoeneko.
Laguntza lanari lotuta egoteko eta gestioa hobetzeko helburuarekin, diru sarrerak bermatzeko laguntzak eta etxebizitza alokatzekoak Lanbideren esku egoteko Lege proiektua onartu du gaur Jaurlaritzak.
Orain arte, udalek tramitatzen zituzten, Foru Aldundiek onartu eta Jaurlaritzak ordaindu. Lege berriarekin, udalek eskatutakoa lortuko dute: lan hori Jaurlaritzak egitea, alegia.