Ekonomia -
Urtarrilaren 27ko greba
Eusko Jaurlaritza: 'Greba berri bat deitzea ez da erantzun egokiena'
"Muturreko tresna hori behin eta berriz erabiltzeak agerian uzten du haien arrazoiak deialdian argudiaturikoak baino harago doazela", Eusko Jaurlaritzaren arabera.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, "ez dirudi lanuzte orokor berri bat deitzeak egoerari erantzun egokiena eta positiboena emateko modua denik. Aldiz, gure ekonomian ikus daitezkeen indartze zantzu argiak eragoztea baino ez du lortuko, nahiz eta oso jende gutxik jarraitu".
Patxi Lopezen Gobernuaren ustez, "muturreko tresna hori behin eta berriz erabiltzeak, are gehiago euskal gizarte guztiari eragiten dion krisi zail eta sakonean murgilduta gaudela, agerian uzten du haien arrazoiak deialdian argudiaturikoak baino harago doazela".
Eusko Jaurlaritzak gogoratu duenez, greba deitu duten sindikatuek "ez dute Gobernuak bereziki krisiaren ondorioak eta, batez ere, enpleguaren gainekoak, arintzeko babesturiko Gizarte Elkarrizketako Mahaian parte hartu nahi izan, ezta beste edozein eztabaida forotan ere". "Ondorioz, ez legoke gaizki haiei galdetzea greba orokorrak deitu eta guzti guztiari ezezko borobilak emateaz gain beren Herriaren eta bertako herritarren alde zer egiteko prest dauden", esan dute.
Eusko Jaurlaritza sinetsita dago "egoera zail honetan EAEko herritarrek zein langileek jakingo dutela arriskuan dagoena baloratzen eta arduratsu jokatzen".
ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatu abertzaleek greba orokorra deitu dute EAEn eta Nafarroan urtarrilaren 27rako pentsioen erreformaren kontra.