Ekonomia -

Abiadura Handiko Trena

Tapiak EBri erantzun dio AHTaren gainkostua % 10ekoa dela, 'erabat onargarria'

Nafarroako Gobernuak esan du txostenean agertzen den iritzi berekoa dela, eta beste tren eredu bat eskatu du. EH Bilduk, bestalde, lanak premiaz gelditzea exijitu du.

AHTaren lanak. Argazkia: EiTB
AHTaren lanak. Argazkia: EiTB
AHTaren lanak. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Azpiegitura eta Garapen Ekonomikorako sailburuak uste du, Europar Batasuneko Kontu Auzitegiaren "abisua"ren ostean, ezin dela AHTren lanetan atzerapen gehiago izan; eta lanak % 10eko gainkostuarekin amaituko duela erantzun du, kopuru "erabat onargarria".

Gainera, PSOEren Espainiako Gobernuari txostena "zehatz mehatz" aztertzeko eskatu dio, eta Jose Luis Abalos Sustapen ministroarekin "hitzordua" egiteko nahia agertu du, "lehentasunei heltzeko".

Europar Batasunaren Kontu Auzitegiaren txostenean agertzen zenez, Espainiako Estatuko abiadura handiko trenetan bidaiari gutxi daude eta gutxi espero dira, tartean EAEkoan, eta gainkostua handia da.

Sailburuak gogorarazi du Jaurlaritzak azpimarratutako gai batzuk aipatzen direla txostenean, "planifikazio eta lehentasun falta" adibidez. "Lehentasunak zehaztu gabe planifikatzen denean, gertatzen ari dena gerta daiteke", azaldu du.

Tapiak trenaren konexioak ere aipatu ditu, konexio Atlantikoa zehazki, haiek denbora asko daramatelako "hor azpimarra jartzen, eta txostenean ere agertzen da".

EAEko zatian "bidaiari gutxi" izatearen inguruan, Tapiak hauxe azaldu du: "Bi gauza izan behar ditugu kontuan: bat, euskal Y konexio baten parte dela, Ardatz Atlantikoaren parte, eta osotasunean hartu beharko litzateke; eta bi, euskal Y-ren zatian merkantzien eta bidaiarien konexio izateari eman zaiola lehentasuna".

Bestalde, Maria Solana Nafarroako Gobernuaren bozeramaileak esan du txostenean zalantzan jartzen ari diren eredua haiek "denbora luzez salatu" dutela, tren desberdin baten alde egiten dutelako.

Horren harira, Nafarroako Gobernuak "abiadura handiko tren baten ordez, merkantzientzako eta bidaiarientzako gaitasun handiko trena" nahi duela gogorarazi du.

Mikel Otero EH Bilduren legebiltzarkideak, berriz, argi du, eta Jaurlaritzari eskatu dio AHTren lanak premiaz gelditzeko auditoria bat egin arte.

Oteroren esanetan, txostenak argi uzten du azpiegiturak "gehiegizko kostua duela, ez dela eraginkorra, eta urteak daramala dirua xahutzen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Batasun europarra Europa Ekonomia Gaurko azken ordukoa AHT Euskadi