Ekonomia -

Urtarrilaren 1etik aurrera

EuskoTreneko tarifek % 2,77 gora egingo dute urtarriletik aurrera

EuskoTrenen tren, tranbia eta funikular tarifa berriak datorren urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailaren esku dagoen EuskoTren Sozietate Publikoak eskaintzen dituen tren, tranbia eta funikular zerbitzuen tarifa berriak 2011ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean, eta % 2,77 gora egingo dute, Euskadiko Prezioen Batzordeak igoera baimendu ostean.

Hori horrela, datorren urtarrilaren 1ean tarifa berriak indarrean izango dituzte Bilbao – Donostia lineak, Bilbao – Bermeo lineak (Urdaibai), Lasarte Oria – Hendaia (Topoa), Larreinetako funikularrak eta Bilboko eta Gasteizko tranbiek (EuskoTran).

Bestalde, datorren 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, joan den azaroaren 16an Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak baimendu zituen EuskoTrenen tren, tranbia eta funikular zerbitzuen Kontratazio Baldintza Orokorrak indarrean sartzearekin batera, bidaia txartelik edo titulurik gabe bidaiatzen duten pertsonek ordaindu beharreko gutxieneko pertzepzioa edo gehigarria 50 eurokoa izango da.

Txartelik gabe bidaiatzen duten pertsonek, linea horren hasieratik joan nahi den jomugaraino eskaintzen den zerbitzuari dagokion tituluaren zenbatekoa ordaindu beharko dute, eta, horrez gain, gutxieneko pertzepzioa (indarrean dagoen gehigarria). Urtarrilaren 1etik aurrera, gehigarri hori 50 eurokoa izango da.

Tituluaren edo gutxieneko pertzepzioaren zenbatekoa ordaindu ezean, EuskoTreneko langileek, dagokion garraio titulu baliozkoa ez duen bidaiariari hurrengo geltokian edo geralekuan ibilgailutik jaisteko eskatzeko eskubidea izango dute.

EuskoTrenek, bidaiaria identifikatu ondoren, eta hark ez badu gutxieneko pertzepzioa ordaindu ezarritako epeetan eta eran, dagokion salaketa bideratuko du, ezarri beharreko zehapen espedientea irekitzeko, administrazio arau haustea dela eta.

Beste alde batetik, garraio titulu baten edo bezero karnet baten iruzurrezko erabilera edo erabilera desegokia, edo berau manipulatu egin dela, frogatzen bada, EuskoTreneko langileek, jaso egingo dituzte, dagokion zehapen espedienterako froga elementu gisa erabiltzeko, eta bidaiariari jasotze horren frogagiria emango diote. Bidaiariek beraien garraio titulua eta, hala denean, bezero karneta, kontserbatu beharko dute, garraio ibilgailu barruan eta EuskoTreneko instalazioetan daudenean, eta erakutsi beharko dituzte EuskoTreneko langileek hala eskatzen dizkien bakoitzean.

Informazio gehiago behar duten pertsonek prezio berriak kontsultatu ahal izango dituzte geltokietan eta geralekuetan, Bezeroaren Arretarako Bulegoetan (Atxuriko eta Amarako BAB), 902 543 210 telefono zenbakian eta euskotren.es eta euskotran.es (tranbia) web guneetan.

Etxeko animaliekin sartzeko aukera

Behin Baldintza Orokorrak indarrean sartuta, EuskoTrenek bidaiariei tren, tranbia eta funikular zerbitzuetan etxeko animali batekin batera joateko aukera emango du itxuragatik, tamainagatik, zaratagatik edo usainarengatik arriskutsua ez denean. EuskoTreneko langileek zentzuzko irizpidearen arabera, arriskua edo kasu bakoitzean animaliak izan dezakeen eragozpena kontuan hartuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea