Ekonomia -
Urtean 81,24 euro gehiago
Argindarra hilean 6,77 euro garestituko dela zenbatetsi du Facuak
Kopuru hori Espainiako Gobernuak iragarritakoaren (3,2 euro) bikoitza da. Horrenbestez, igoera % 10,2koa izango da.
Erredakzioa
Facua Espainiako kontsumitzaileen elkarteak ohartarazi du argindarra % 9,8 garestitzeak 6,77 euro gehiagoko kostua ekarriko diela herritarrei, hots, Gobernuak kalkulatutako 3,2 euroen bikoitza.
Hain zuzen ere, azken baliabideko tarifa (TUR) duten kontsumitzaileek 5,46 euro gehiago ordaindu beharko dituzte hilean, baina kopuru horri argindarrak duen zerga (% 24) eta BEZa gaineratu behar zaio.
Hori horrela, urtean 81,24 euro garestituko da argindarra, egun baino % 10,2 gehiago.
Facuak ikertutako erabiltzaileen soslaia honakoa da: 4,4 kilowatt kontratatuta ditu eta hilabetean 366 kontsumitzen ditu orduko.
Igoeraren aurkako kanpaina
Bestalde, Facuak kanpaina bat abiatu du kontsumitzaileak mobilizatu eta argindarraren igoera "neurrigabea"ren aurka protesta egiteko. Izan ere, Gobernuaren energia politika "konpainia elektrikoen interesei makurtuta" dagoela salatu du.
Elkarteak gutun bat idatzi du, herritarrek Internet bidez Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuari igorri diezaioten.