Ekonomia -

Lan-gatazka

Bi aldeek akordioa eginda, Gipuzkoako autobusen greba bertan behera geratu da

Sindikatuek eta patronalak egindako itunari esker, autobusetako gidariek dietak jasoko dituzte eta ordu erdiko atsedena hartuko dute, gosaltzeko, bazkaltzeko edo afaltzeko.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako autobus-zerbitzuaren greba bihar zen hastekoa, baina gaur bertan behera utzi dute, sindikatuek eta Avitrans patronalak gidarien dietei buruzko akordioa egin ostean.

Lan-gatazka ekainaren 8an sortu zen, patronalak lan-hitzarmenari buruzko aurre-akordioa ez sinatzea erabaki zuenean. Dietarik ordainduko ez zuela adierazi zuen orduan eta, ondorioz, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek grebara jotzea erabaki zuen, uztailaren 13an, 14an, 20an eta 21ean lanuzteak deituta.

Alabaina, gaur, Lan Harremanetarako Kontseiluak Donostian duen egoitzan bildu dira bi aldeak eta patronalak dietak ordaintzea onartu du.

Ziortza Ameztoy LAB sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, aurrerantzean Gipuzkoako garraio enpresetako gidariek dietak jasoko dituzte eta ordu erdiko atsedena hartuko dute, gosaltzeko, bazkaltzeko edo afaltzeko.

Gutxi gorabehera, 5.000 gidarirengan izango du eraginak neurri honek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Grebak Lana Ekonomia Albisteak