Ekonomia -

Finantza-politika berria

Jaurlaritzak Arrisku Kapitaleko erakunde berria sortuko du 125 milioiko ekarpenarekin

Kopuru hori 250 milioira arte hedatu ahalko da. Hedapen eta eraldaketa beharra duten enpresa talde bultzatzaileetan inbertitzeko sortuko dute erakundea.

Tapia, Urkullu eta Azpiazu, aurkezpenean. Argazkia: Irekia
Arantxa Tapia, Iñigo Urkullu eta Pedro Azpiazu. Argazkia: Irekia
Jaurlaritzak Arrisku Kapitaleko funtsa sortu

1:30

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019an Arrisku Kapitaleko erakunde berria sortuko du Eusko Jaurlaritzak. Aurten 125 milioi euro bideratuko dituzte finantza erakunde berri horretara, baina kopuru hori 250 milioira arte hedatu ahalko da. Horrez gain, SOCADE Garapen Kapitaleko Sozietateari 100 milioi euroko ekarpena egingo dio.

Jaurlaritzaren finantza-politika berria aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan Iñigo Urkullu lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak.

Finantza tresna berrien artean, Arrisku Kapitaleko erakunde berri baten sorrera nabarmendu dute hirurek. Hedapen eta eraldaketa beharra duten enpresa talde bultzatzaileetan inbertitzeko eratuko dute.

Azaldu dutenez, lankidetza publiko-pribatuaren ondoriozko tresna izango da, nagusiki pribatua. 2018an 125 milioi euro izango ditu, eta kopuru hori 250 milioira arte hedatu ahal izango da.

 

Kutxabank, Bancoa, Lagun Aro, MCC eta Itzarri, tartean

 

Eusko Jaurlaritzarekin eta hiru Foru Aldundiekin batera, Kutxabankek, Bankoak, MCCk, Lagun Arok eta Itzarrik euren parte hartzea baieztatu dute. "Hasierako nukleo" horren parte izateko borondatea agertu dute beste hainbat finantza erakunde batzuek. Hala nola, Banco Sabadell, Banco Santander, BBVA, Caja Rural de Navarra, Caixabank, Elkarkidetza eta Geroa, baina euren gobernu organoetan baieztatu beharko dute erabakia.

Nukleo hori osatu eta gero, inbertitzaile instituzional batzuk (BEI edo ICO, besteak beste) batuko dira; izan ere, horiekin harremanetan dira jada. Beste inbertitzaile pribatu batzuk sartzeko atea zabalik egongo da. Erakunde horiek guztiek bi eta 10 milioi euro arteko inbertsioak egin ahalko dituzte.

Inbertsio horien onuradunak izateko hainbat baldintza bete beharko dituzte enpresa taldeek: hala nola, 50 eta 250 milioi euro arteko fakturazioa, eta 10 milioi edo gehiagoko EBITDA izatea. Talde bateko gehieneko inbertsioa % 10ekoa izango da, eta inbertsioa kapitalean, zor bihurgarrian edo partaidetza maileguetan egin ahal izango da.

Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, 2019rako jardunean egon beharko luke.

GOBIERNO VASCO POLITICA FINANCIERA IREKIA

Urkullu, sailburu eta Jaurlaritzako beste goi-kargu batzuen artean. Argazkia: Irekia

SOCADE

SOCADE Garapen Kapitaleko Sozietatea izango da beste finantza tresna inportantea. Enpresa handietan "irauteko bokazioz parte hartzea" izango da bere helburua, enpresa horien garapenean eragin ahal izateko eta Euskadin duten errotzea sustatzeko.

Asmo horrekin, legegintzaldi honetan 100 milioi euro bideratuko ditu SOCADEra. 2017ko abenduan CAFen % 1,24 bereganatu zuen Jaurlaritzak, eta orduan abiatutako bidea jarraitzea izango litzateke helburua.

Urkullu: "Enpresek enpleguari eusteko eskatzen du gizarteak"

Erakunde publikoei eta finantza erakundeei eskerrak eman dizkie Urkulluk aurkezpenean. Horiei esker, esan du, "enpresen finantzazioa hobetzeko aukera berriak izango ditugu".

"Jaurlaritzak konfiantza eskatzen du, baita eskaini ere. Modu partekatuan egiten dugu. Kapitala, bermeak eta maileguak eskainiko ditugu finantza erakundeekin lankidetzan. Helburua proiektu berriak sortzea eta inbertsio produktiboa erraztea izango da", adierazi du.

URKULLU FINANTZA POLITIKA IREKIA

Lehendakaria, agerraldian. Argazkia: Irekia

Dena dela, gizarteak enpresei egindako eskaerak ere aintzat hartu behar direla nabarmendu du lehendakariak: "Hazkunde eta ziurgabetasun une hauetan, jarduerari eta batez ere enpleguari eustea eskatzen die gizarteak enpresei. Finantza-politika berri honek gure enpresen oraina eta etorkizuna bermatzeko balio du, baina baita enpleguaren oraina eta etorkizuna ere".

 
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak