Ekonomia -
Enplegua
Lanbide enplegu-zerbitzu berria estreinatuko du gaur Euskadik
Erakunde berriak enplegu-politika aktiboak eta laguntza sozialak, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta, besteak beste, kudeatuko ditu.
Erredakzioa
Lanbide Euskadiko enplegu-zerbitzu berriak orain arte Udalen eta Foru Aldundien esku zeuden enplegu-politika aktiboen transferentzia eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta kudeatuko ditu hemendik aurrera.
Lanbidek bi urte beharko ditu guztiz garatzeko eta eskualde bakoitzean banatuko da. Horrela, guztira, 15 postu izango dira eta administrazioaren, enpresen eta sindikatuen artean banatuko dira. Hala ere, ELA eta LAB sindikatuek ez omen dute parte hartuko.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onartu ditu gaur Eusko Jaurlaritzak. Erakunde horren bulego nagusiak Gasteizen egongo dira.
Lanbide arduratuko da enplegu-politika aktiboen inguruko plangintzaren, kontrolaren, ebaluazioaren eta preskripzioaren inguruko egiteko gehienez, nahiz eta Enplegu eta Gizarte Sailaren esku geratuko den enplegu-politikaren plangintza estrategikoak eta arauak ezartzea.
Estatutuek ezartzen dituzte Lanbideren jarduna gidatuko duten oinarrizko printzipioak. Horien jomuga langileentzako programa eta zerbitzuen kalitatea, eraginkortasuna eta efikazia lortzea da, laneratzera bideratuta.
Horrez gain, Lanbideren “transbertsalitatea” aipatzen dute Estatutuek, "pertsonak eta enpresak erantzunkidetasunerantz" eta "Lan Ikuskatzailetzarekin koordinatzera" bideratzeko.
Era berean, Lanbideren jardunak ondokoak bermatuko ditu: “gizarte-eragileen partaidetza”, “aukera-berdintasuna eta diskriminaziorik eza (sexua, etnia, adina, egoera zibila, ideia politikoak, sindikatu-afiliazioa, erlijioa, iritzia edo hizkuntza direla medio)”, “beren jardunen unibertsaltasuna eta doakotasuna”, eta “gizarte- eta lurralde-kohesioa”.