Ekonomia -

Bilera Madrilen

'Euskal Y' 2023an martxan egotea espero du Tapiak

Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburua eta Jose Luis Abalos Sustapen ministroa Madrilen bildu dira.

Bi ordezkaritzen arteko bilera Sustapen Ministerioaren egoitzan. Madrilen. Argazkia: EFE
Bi ordezkaritzen arteko bilera Sustapen Ministerioaren egoitzan. Madrilen. Argazkia: EFE
Bi ordezkaritzen arteko bilera Sustapen Ministerioaren egoitzan. Madrilen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Abalos Sustapen ministroarekin arratsaldean egindako bilera “positiboa” izan dela adierazi du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuak. Ministroaren “jarrera harberak” Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proposamenetan isla izatea espero du Tapiak, 'euskal Y' 2023an martxan izateko.

Tapia eta Abalos Sustapen Ministerioaren egoitzan bildu dira, Madrilen. Euskadiko azpiegitura ezberdinen egoera aztertu dute batzarrean.

Arantxa Tapiak azpimarratu duenez, “Euskadiko Trenbide Sare Berriak, Europako sareak eta EAEko hiriburuetako sarbideak apustu irmoak behar dituzte; horretarako aurrekontuetan konpromiso politikoek isla izan behar dute; izan ere, lehentasuna duen kokapen geografiko batean gaude, Europako iparraldearekin lotura eta sarbide nagusia gara”.

Sailburuaren hitzetan, “egutegi estua betetzeko kapaz baldin bagara, ‘euskal Y’ 2023an errealitate bat izateko, euskal industriaren lehiakortasunari eta Euskadiren garapen sozio-ekonomikoari mesede egingo genioke”.

Gainera, “hainbat urtez Europan bakartu gaituen trenbide muga ezabatuko genuke”, erantsi du, “kamioiak errepideetatik ateratzeko eta tren zerbitzu lehiakorra eskaini, euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzeko”.

Besteak beste, Euskadiko trenbide sare berria; Bilboko zein Gasteizko sarbideak, lurperatze eta geltoki berriak; Donostiako Abiadura Handiko geltokia; Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartea; Ezkio-Itxaso geltokia; Astigarragako geralekua eta Bergara-Astigarraga tarteko Larrialdi ganberak mahai gainean izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea