Ekonomia -
LAN GATAZKA
Ryanairrek hegaldiak gutxitzearekin mehatxu egin du, greba gehiago egonez gero
Irlandako konpainiak ohartarazi duenez, murrizketa horiek lanpostuen galera ere ekarriko lukete. Bestalde, lehen hiruhilekoan % 20 txikiagotu ditu irabaziak, 319 milioi eurora arte.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Ryanair konpainiak neguko hegaldiak eta hegazkin flota gutxitzearekin mehatxu egin du, baldin eta langileek greba deialdi gehiago egiten jarraitzen badute. Murrizketa horiek lanpostuen galera ere ekarriko luketela ohartarazi du.
Michael O'Leary Ryanair hegazkin konpainiako kontseilari ordezkariak gaur azaldu duenez, uda honetan Irlandan pilotuen greba gehiago izatea espero dute eta "beharbada" baita Portugalen eta Alemanian ere. Halaber, kabinako langileek asteazken eta ostegun honetarako lanuzteak deitu dituzte Espainian, Belgikan eta Portugalen.
O'Learyk azpimarratu duenez, langileei protestei "aurre" egingo diete eta ez diete konpainiaren negozio eredua arriskuan jar dezaketen langileen eskariei men egingo.
Irlandako hegazkin konpainiak lehen hiruhileko fiskaleko emaitzak aurkeztu ditu gaur, eta horren arabera, 319 milioi euro irabazi zituen ekainaren 30era arte, duela urtebete baino % 20 gutxiago.
Hurrengo hiruhilekoari begira, uztailean eta abuztuan greba deialdi gehiago egotea aurreikusi du O'Learyk. Hala ere, pilotuen grebak "txikiak" izatea eta enpresa horiek kudeatzeko gai izatea espero du.