Ekonomia -
Ez dago saltokietako grebarik
Bizkaiko dendariek bertan behera utzi dute ostiraleko greba
Bizkaiko merkataritza alorreko lau sindikatuek ultimatuma egin diote patronalari urtarrilaren 7ko greba saihestu ahal izateko. Cecobi eta sindikatuen artean "gerturatze bat" eman da.
Erredakzioa
Bizkaiko saltokiek ateak zabalik izango dituzte datorren ostiralean, merkealdien lehen egunean, patronalak eta Bizkaiko merkataritza alorreko lau sindikatuek (ELA, LAB, CCOO eta UGT) negoziazioetan aurreakordio bat lortu ostean.
Sindikatuetako ordezkarien arabera, Cecobi eta sindikatuen artean "gerturatze bat" eman da, batez ere, lan-hitzarmenari dagokiona.
"Patronalak emandako aurrerapausu horiek finkatzeko" greba bertan behera uztea erabaki dute; beraien asmo ona Patronalari erakusteko.
Sindikatuen aurreikuspenen arabera, lan-hitzarmenak otsailaren 15 baino lehen sinatzea espero dute.
Bizkaiko merkataritza alorreko lau sindikatuek ultimatuma egin diote goizean patronalari urtarrilaren 7ko greba saihestu ahal izateko. KPI+0,5eko soldata igoera proposatzen dute lan-hitzarmenak dirauen urte bakoitzeko. Patronalak proposamena onartzen ez badu, sektoreko 15.000 langileak grebara deituko dituzte.
Greba Arabako arropa dendetan
Araban grebarekin emango diote hasiera arropa dendetako langileek merkealdiaren lehen egunari.
Lan hitzarmenean aurrerapausorik ez eta ostiralerako greba deitu dute arropa dendetan ELA, UGT eta CCOO sindikatuek.
Sektoreko mila inguru langile daude deituta ostiraleko grebara. 2009tik izoztuta dagoen lan-hitzarmenean aurrerapausoak ematea nahi dute. Sindikatuek egiten dituzten eskarien artean, soldata igoerarena dago eta puntu horretan ez daude hain urrun UNIMODA patronala eta sindikatuak. Beraz, negoziatzeko borondatea eskatzen diete enpresariei.
Jarrera hurbilketarik ez badago, Araban ostiralean arropa merkealdirik ez dela hasiko adierazi dute ELA, UGT eta CCOO sindikatuek. Zara edo H-M dendetako langile batzordeek, esaterako, bat egin dute greba deialdiarekin.