Ekonomia -

Mugikortasun plana

2020rako Euskadin 4.800 ibilgailu elektriko matrikulatuta izatea nahi du Jaurlaritzak

Mugikortasun Elektriko Plan Integrala garatzeko 494 milioi euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak bi urtetan. Helburu nagusietako bat ingurumen jasangarria bultzatzea da.

Arantxa Tapia eta Josu Erkoreka, Mugikortasun Elektriko Plan Integrala azaltzeko agerraldian: EFE
Arantxa Tapia eta Josu Erkoreka, Mugikortasun Elektriko Plan Integrala azaltzeko agerraldian: EFE
Arantxa Tapia eta Josu Erkoreka, Mugikortasun Elektriko Plan Integrala azaltzeko agerraldian: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mugikortasun Elektriko Plan Integrala garatzeko 494 milioi euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak bi urtetan. Besteak beste, 2020rako Euskadin 4.800 ibilgailu elektriko matrikulatuta izatea eta ahalmen handiko 35 birkarga-gune martxan egotea aurreikusten du.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak jakitera eman duenez, ibilgailu elektrikoen erabilera eragile publiko zein pribatuekin elkarlanean sustatzeko helburua du Jaurlaritzak. Era berean, lurraldearen garapen sozio-ekonomikoari eta ezagutzaren sorkuntzari begira ekarpenak egitea lortu nahi du ekimen berriak.

2020rako Mugikortasun Elektriko Plan Integralak, alegia, 'MEPI 2020'k, Euskadiko mugikortasun elektrikoaren egoerari buruzko azterketa jaso du, eta ekintza-plana zehaztu du partikular, enpresa eta administrazio publikoetan eragina duten 63 ekimenekin. Gauzak horrela, plan horren hedapena 2030. urtera arte begira egiteko hitza eman du Jaurlaritzak.

Garraiobide elektrikoen eskaera eta erabilera areagotuz, Euskadin mugikortasun iraunkorragoa bultzatzea da plan horrek duen helburu nagusietako bat. Era berean, tokiko ekonomia eta ezagutzaren garapena sustatzea du helburu, "ibilgailu elektrikoa nazioartean ezartzeak berarekin dakartzan produktu, zerbitzu, berrikuntza eta baliabideen beharrak aprobetxatuz".

Ildo horretatik, helburu horiek lortzeko Eusko Jaurlaritzak ekintza zehatzak jarriko ditu martxan. Hala, ibilgailu elektrikoak eskuratzen dituzten pertsonek diru-laguntzak jasoko dituzte, 60.000 birkarga elektrikori hobariak emango dizkiete, 15 enpresetako mugikortasun-planei laguntzak emango dizkiete, administrazio publikoei 100 ibilgailu elektriko utziko dizkiete epe batez, edota energia alternatiboen erosketa-zentrala sustatuko du Jaurlaritzak.

Halaber, ohiko ibilgailuak alde batera utzi eta haien ordez ibilgailu elektrikoak ipini nahi dituzten lehen 50 enpresei diru-laguntzak emango dizkie Jaurlaritzak. Era berean, gutxienez bi hiritan e-taxi zerbitzuak sustatzea, taxi geltokietan eta logistika guneetan bost birkarga-gune jartzea eta taxi elektrikon erosketa bateratua egiteko proiektua garatzea ditu helburu Jaurlaritzak.

Gauzak horrela, mugikortasun elektrikoaren bidez ingurumen jasangarria bultzatzea da helburu, heziketaren eta sustapenaren bitartez herritarrak eta enpresak eredu bihurtuz.

Bestalde, energia kontsumoa eta berotegi-efektuko gasak murriztea du helburu plan horrek. Halaber, denentzat eskuragarri dauden potentzia handiko 35 birkarga-gune dituen sarea martxan jartzea espero du Jaurlaritzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Gaurko azken ordukoa Ingurumena albisteak Elektrizitatea azken ordukoa