Ekonomia -
Lan-gatazka
Zerbitzu minimoek greba eraginkortasunik gabe utzi dutela salatu dute sorosleek
Grebak izan duen erantzuna aztertzeko bilera egingo dute asteazken honetan, baina Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen zerbitzu minimoak "lotsagarritzat" hartu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako hondartzetan lan egiten duten sorosleek astearte honetan amaitu dute joan den igandean hasitako hiru eguneko greba-deialdia. Dena dela, Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoak direla eta, sektorea “profesionalizatzeko” deitutako greba ez dela eraginkorra izan salatu dute sorosleek, eta tartean sartuta dauden udalak zein Gurutze Gorriak “aurpegira barre” egin dietela ziurtatu dute.
Hala azaldu du Jon Gorospe sorosleak, Ondarretako hondartzan egindako agerraldian, ELA sindikatuak deitutako grebaren azken egunean. Sindikatu horren arabera, sektorea duintzeko helburuarekin deitutako hiru eguneko grebak jarraipen zabala izan du.
Alabaina, osasun arloko greban % 75eko zerbitzu minimoak finkatu zituztela gogoan izanda, sorosleek egin duten greban % 80ko zerbitzu minimoak ezartzea “lotsagarritzat” hartu du Gorospek.
Jaurlaritzak finkatutako zerbitzu minimoen ondorioz hondartzetan “ohiko zerbitzua” bermatu denez, tartean sartuta dauden udalak eta Gurutze Gorriak “aurpegira barre” egin dietela esan du Gorospek.
Gauzak horrela, Gipuzkoako hondartzetan lan egiten duten sorosleek grebak izan duen erantzuna aztertzeko bilera egingo dute asteazken honetan. Gorosperen iritziz, litekeena da aurrerantzean grebarekin ez jarraitzeko erabakia hartzea, zerbitzu minimoek eraginkortasuna kentzen baitiote deialdiari.
Ildo horretatik, Gipuzkoako hondartza batzuetan ohiko egunetan lan egiten duten sorosleak jarri dituztenez, hondartzara joan diren pertsona askok haien egoeraren berri ez dutela izan kritikatu du.
Sorosleen greba dela eta, hiru egun hauetan bandera gorria edo horia jarri dute Gipuzkoako hondartzetan. Dena dela, Gorospek azaldu du lan-gatazka akordio bidez konpontzeko momentuz udalak zein Gurutze Gorriak ez direla haiekin harremanetan jarri.
Gorosperen esanetan, "sorosleen eskubideak ez ezik, surflarienak eta bainularienak ere" aldarrikatu nahi dituzte protesta horien bitartez.
Besteak beste, soldata igoera, etenaldiak dituzten langile finkoen aintzatespena gogoan izatea eta beste hainbat neurri daude Gipuzkoako hondartzetan lan egiten duten sorosleen eskaeren artean.