Ekonomia -

Hainbat delitu egotzita

Enpresaburu bat atxilotu dute Bizkaian hainbat pertsona legez kanpo enplegatzeagatik

Gutxienez 10 atzerritar izan zituen lanean kontratu gabe, Gizarte Segurantzan alta eman barik eta gutxieneko segurtasun neurriak eman gabe.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak enpresaburu bat atxilotu zuen Bizkaian uztailaren amaieran, hainbat delitu egotzita, Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren kontrakoak, iruzurra eta langileen eskubideen kontrakoak tartean. Atxilotutakoak, mantenu lanak egiten zituen enpresa baten jabeak, 10 behargin izan zituen lanean kontraturik gabe eta Gizarte Segurantzan alta eman gabe. Beharrak egiteko gutxieneko segurtasun neurriak ere ez zizkien eman.

Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak ohar batean jakinarazi duenez, operazioa Bizkaiko Lan eta Gizarte Segurantzako Lurralde Ikuskaritzari esker abiatu zuten, maiatzean. Mantenu zerbitzuak (garbiketa, lorezaintza, igeltserotza, margolaritza...) egiten zituen enpresa bat langileak modu irregularrean enplegatzen ari ote zen susmoak atzeman zituen Ikuskaritzak.

Espainiako Poliziak ikerketa abiatu zuen orduan. Egiaztatu ahal izan zuenez, Estatuan lan egiteko eta bizitzeko baimenik ez zuten etorkinak kontraturik gabe eta Gizarte Segurantzan alta eman barik zituzten enpresa hartan. Langileak identifikatu eta galdekatu zituzten agenteek, eta, gerora, enpresaburua atxilotu zuten. Horrez gain, aurreko ugazaba ere ikerketapean jarri dute.

Altueran kristalak garbitzen, arnesik gabe

Gutxienez 10 atzerritar (Latinoamerikako bederatzi eta Marokoko bat) enplegatu zituen enpresaburuak, legez kanpo.

Lanak egiteko gutxieneko segurtasun neurriak errespetatu gabe aritu ziren denak: adibidez, altueran kristalak garbitu behar izan zituzten arnesik gabe eta leihoaren markoari esku bakarrarekin helduta, edota zoruak lixatzen eta bernizatzen, aurpegia eta begiak babesteko ezer eman gabe.

Gainera, agindutako soldata (sektorean ohikoa dena baino askoz baxuagoa) ere ez zien ordaindu.

Ikerketa zabalik dago, biktima gehiagoren bila ari baitira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Lana Iruzurrak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak