Ekonomia -

Euskal Enplegu Zerbitzua

EAEko langabeen % 40ra helduko da Lanbideren laguntza

Gemma Zabaleta sailburuak Zumarragako bulego berria inauguratu du gaur.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtea amaitu baino lehen Euskal Autonomia Erkidegoko langabeen % 30i erantzuna eman nahi die Lanbide euskal enplegu zerbitzuak. Horrez gain, 2012ri begira, langabeen % 40ra helduko dela azpimarratu du Gemma Zabaleta Gizarte Gaietako sailburuak.

Lanbideren Zumarragako bulego berria inauguratu du gaur Zabaletak. Dagoeneko 1.000 ikastaro eta 900 lan-eskaintza dauzka aukeran bulego berriak.

Lanbideren abiarazteak "praktikan erakusten du enpleguko politika aktiboen eskualdaketa euskal herritarren ongizate handiagoaren mesedetan dela", sailburuaren hitzetan.

Instalaziora egin duen bisitan, Lanbidek eskainiko duen eredu berria azaldu du Zabaletak: "Laneratze aktiboa errazteko tresna" izango dela nabarmendu du, baita pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta enpresen lehiakortasunari laguntza emateko ere, "hobeto prestaturiko giza kapitala izango duelako, eta enplegua eskatzen dutenen eta eskaintzen dutenen artean bitartekotzara zuzendurikoa betiere".

785 milioi euroko aurrekontua duen Euskal Enplegu Zerbitzuak "Europaren ispiluan begiratzen dio bere buruari zerbitzua eraginkor egingo duten elementu positiboak eta jardunbide egokiak gaineratzeko".

"Orain arte enpresek ia ez zuten bitartekotza-lanik egiten kolokazioetan, eta aurrerantzean, aldiz, Lanbidek buelta eman nahi dio egoera horri, eta Zerbitzu Publikoak langabeari lagundu eta hura prestatu eta orientatu egingo du, lan duin baterantz eraginkortasunez bideratuta",sailburuak azpimarratu duenez.

Gakoetako bat langabeari emango zaion laguntza pertsonalizatua izango da. "Lanik gabe dauden pertsonak", Zabaletak adierazi duenez, "ez dira estatistiketan bildu beharreko zenbaki bat izango.

Harreman indibidualizatua izango dute Enplegu Zerbitzuarekin eta jarraipen- eta laguntza-harremana etengabea izango da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea