Ekonomia -
Krisia
Espainiako ekonomiak bi azterketa ditu gaur
- Altxor Publikoa 2.000 eta 3.000 milioi euro arteko zorra saltzen saiatuko da.
- Europako Parlamentuak krisiaren jarraipena egiteko sortutako batzordeak Espainia aztertuko du.
Erredakzioa
Espainiako ekonomiak bi azterketa garrantzitsu izango ditu gaur. Alde batetik, Altxor Publikoak zor salmenta egingo du, atzo Portugalek arrakastaz egin eta gero, eta bestaldetik, Europako Parlamentuak krisiaren aurka sortutako batzordeak Espainiaren egoera aztertuko du.
Hain zuzen ere, Altxor Publikoak 2.000 eta 3.000 milioi euro arteko zorra saldu nahi du, bost urtera eta % 3,25eko kuotan.
Portugalek atzo lortutako emaitza onaren ondorioz (1.259 milioi saldu zituen), euroguneko periferiaren herrialdeen arrisku-saria moderatu egin zen. Portugalen diferentziala 408,7 puntuetan kokatu zen, eta Espainiarenak 250 puntuetan jarraitu zuen.
Adituek uste dute gaurko jaulkipenean emaitza ona lortuko duela Espainiak.
Urtarrilean, gainera, beste hiru egingo ditu. Lehenengoa hilaren 18an, hurrengoa 20an eta azkena 25ean.
2011 osoan, Altxor Publikoak 47.200 milioi euroko zorra saldu asmo du Espainiak, hots, iaz baino % 24 gutxiago.
Azterketa Europako Parlamentuan
Bestalde, Europako Parlamentuak krisiaren jarraipena egiteko sortutako batzordeko bederatzi kide Madrilera joango dira gaur, Espainiako ekonomiaren egoera aztertzeko eta ondoren Ganberan bozkatuko den txosten bat prestatzeko.
Azterketa honekin, Espainiako krisia norainokoa den eta Europar Batasunean duen eragina neurtu nahi dute.
Europar Batasuneko abiatutako neurriak betetzen ari diren ere egiaztatuko dute.