Ekonomia -

Zapaterok baino 2.000 gehiago

Estatuak 80.000 euro ordaintzen dizkie urtero Aznarri eta Gonzalezi

Egungo araudiak ez die presidente ohiei inolako oztoporik jartzen, Aznarrek eta Gonzalezek bezala, enpresa pribatuan karguak izan eta Estatuko soldata publikoa kobratzen jarraitzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Maria Aznar eta Felipe Gonzalez Gobernuko presidente ohiek urtero 80.000 euro jasotzen dituzte Estatuko Aurrekontu Orokorretatik. Soldata hauek bizitza guztirako dira, Gobernuak izandako karguagatik, eta Endesa eta Gas Natural Fenosa enpresek ordainduko dizkieten soldatekin bateragarriak. Bateragarritasun horri kritika zorrotzak egin dizkiote alderdi politiko txikiek.

Aurtengo aurrekontuen arabera, Adolfo Suarez, Felipe Gonzalez era Jose Maria Aznar presidente ohiek 238.010 euro jasoko dituzte (80.000 euro inguru bakoitzak).

Egungo araudiak ez die presidente ohiei inolako oztoporik jartzen, Aznarrek eta Gonzalezek bezala, enpresa pribatuan karguak izan eta Estatuko soldata publikoa kobratzen jarraitzeko.

Bateraezintasun legea gogortzearen alde

Diru kopuru horren arabera, presidente izandakoek Jose Luis Rodriguez Zapatero egungo presidenteak baino 2.000 euro gehiago kobratzen dituzte.

Gobernuburu ohiek enpresa elektrikoetan aholkulari lanak egiteagatik izango duten soldaten berri izan dutenean (Aznarrek 200.000 euro urtean eta Gonzalezek 126.500 euro inguru), Parlamentuko alderdi txikiek bateragarritasun hori zalantzan jarri dute.

Gauzak horrela, ERCk, IUk, BNGk eta UPyDk legea gogortzea eskatu dute, Gobernuko karguen etika "zorrotzagoa" izan beharko litzatekeela argudiatuta. Horixe da Francisco Jorquera Kongresuko BNGko bozeramaileak adierazi duena. Rosa Diezek, bestalde, ordainketa publikoak bertan behera uztea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea