Ekonomia -
Lan-ezbeharra
Michelingo langileek prebentzio-neurriak indartzea eskatu dute, istripuak saihesteko
Ostegun honetan, langileen gehiengoak bat egin du sindikatuek deitutako 24 orduko lanuztearekin. Correosen ere lanuzteak deitu dituzte, eguneko hiru txandetan.
agentziak
Michelinek Gasteizen duen lantegiko langileen gehiengoak bat egin du sindikatuek ostegun honetan deitutako 24 orduko lanuztearekin; lanuzte horren xedea da, batetik, aste honetan lan-istripuz langile bat hil dela salatzea, eta, bestetik, prebentzio-neurriak eskatzea, "berriro gerta ez dadin", Enpresa Batzordeak jakinarazi duenez.
Europa Pressi egindako adierazpenetan, Enpresa Batzordeko presidente Jon Corosok azaldu du ez dutela, beste askotan ez bezala, lanuztearen jarraipenaren inguruko datu zehatzik, baina, langileen erantzuna ikusita, "oso pozik" agertu da.
Adierazi duenez, "langileen gehiengoa" ari da jarraitzen 24 orduko lanuztea, igandean izandako lan-istripuaren ondorioz asteartean 43 urteko behargin bat hil zela salatzeko deitutakoa. Langilea plataforma jasotzaile baten eta hesi baten artean harrapatuta geratu zen, larri, eta istripua izan eta bi egunetara hil da.
"Aldi baterako langile batzuk" izan ezik, langile asko ari dira lanuztean parte hartzen, Corosoren esanetan. Nolanahi ere, "honelakorik berriro ez gertatzea eskatzeko" deitu dute lanuztea.
Hainbat lankideren oharra
Hainbat komunikabideren arabera, hildakoaren lankide batzuek oharra zabaldu dute, informazio batzuk ezeztatzeko; anbulantzian esku-oherik edo desfibriladorerik ez zegoela ukatzeko, esaterako. Ohar horri buruz galdetuta, Corosok esan du akusazio horiek "larriak" direla.
Horren hitzetan, oharra ez dago sinatuta, baina azken egunotan zenbait komunikabidetan agertutako informazio batzuei erantzuteko kaleratu dute, eta istripuaren ikerketa zabalik dagoela nabarmen du. Dena den, "hildakoarentzako eta horren familiarentzako errespetua" eskatu du.
Batzordeko presidenteak onartu duenez, asteartean enpresarekin izandako bileran zenbait "oker" atzeman zituzten gertaturikoaz ari zirenean; hortaz, gertatutakoari buruzko datu gehiago eskatu zituzten, eta beste bilera bat egingo dute zuzendaritzarekin, datu horiek jaso eta istripua zerk eragin zuen argitzeko.
"Lankideok beti gogoratuko zaitugu"
200 pertsonatik gora joan dira lankidearen heriotza salatzeko elkarretaratzera, bere argazkia, xingola beltza eta "lankideok beti gogoratuko zaitugu" mezua zituen pankartaren atzean. Beste pankarta batean "lan-istripu gehiagorik ez" jarri dute.
Raul Arza UGT-Euskadiren presidentea elkarretaratzean izan da, hildako langilea sindikatu horretako afiliatua baitzen. Emozioa izan da nagusi protesta ekitaldian, eta hainbat langile ikusi dira negarrari ezin eutsita.
Corosok hedabideen aurrean esan du langileak "gaizki" daudela, azken bi urteetan lau langile hil direlako fabrika horretan: "Egoera hau onartezina da, ezin da horrela jarraitu".
24 orduko lanuztea
Hala, Michelin enpresak Gasteizen duen lantokiko Enpresa Batzordeak 24 orduko lanuztea deitu du osteguneko 06:00etatik ostiraleko 06:00etara. Sindikatuek eta enpresaren zuzendaritzak bilera egin zuten arratsaldean, gertatutakoa aztertzeko, baina sindikatuak ez ziren konforme atera batzarretik, eta "gardentasunik eza" kritikatu zuten.
Enpresak, bere aldetik, esan zuen istripua gertatu ostean protokolo guztiak bete zirela, langileen ordezkariek kontrakoa esan zuten arren.
Zentralak jakinarazi zuenez, istripua igande goizean gertatu zen, 09:30ean. Plataforma igogailua prestatzen ari zela, 43 urteko langilea makina horren eta hesi baten artean harrapatuta geratu zen, ESK sindikatuak azaldu zuenez. "Istripuaren tokia estua eta maniobratzeko zaila da", sindikatuaren arabera.
Ezbeharra gertatu zen unean, langilea bakarrik zegoen, berarekin batera zegoen behargina konponketa bat egiteko behar zuten pieza baten bila joan baitzen.
Bertatik alde egin zuen langileak telefonoz deitu zion harrapatuta geratu zen lankideari, konponketa egin ahal izateko behar zuten piezaren inguruan galdera bat egiteko. 43 urteko beharginak telefonoari erantzuten ez ziola ikusita, baina, harengana joan zen eta harrapatuta zegoela ikusi zuen.
Langilea bertatik askatzea lortu zuenean, bertako arduradunari deitu zion. ESK sindikatuaren esanetan, arduraduna suhiltzaileak eta lantegiko medikua gertatutakoaz ohartarazten saiatu zen, baina barneko telefonoa ez zebilen.
Protestak, Correosen, asteartean hildako langileagatik
Asteartean, berriz, Correos enpresako langile bat hil zen auto-istripuz, banaketa egiten ari zela. Hori dela eta, CCOO sindikatuak 5 minutuko protesta isilak egiteko deia egin die langileei, "zorigaitzeko istripu hilgarria" salatzeko. Bilkurak 09:00etan, 16:15ean eta 23:15ean egitea eskatu die.