Ekonomia -
Igoera
Alargunen pentsioek ia % 8 egingo dute gora gaurtik aurrera
65 urte baino gehiago izanik, urtean 7.347,99 euro baino gehiago jasotzen ez dituzten pentsiodunek nabarituko dute igoera. Euskadiko Alargunen Federazioak, bere aldetik, neurria argitu du.
Agentziak | Erredakzioa
Gaur ipini da indarrean joan den uztailaren 20an Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak alargunen pentsioak ia % 8 igotzeko hartutako erabakia. Neurriari esker, 390.000 pertsona baino gehiagoren pentsioak igotzea aurreikusi dute agintariek.
Aldaketa horren arabera, 65 urte baino gehiago izanik, urtean 7.347,99 euro baino gehiago jasotzen ez dituzten pentsiodunek nabarituko dute igoera. Laguntza hori jasotzen duten pertsonen ia % 99 emakumeak dira; horietatik % 25, 86 eta 90 urte arteko alargunak.
Alargunen pentsioa 753,97 eurokoa zen orain arte; gaurtik aurrera, berriz, 811,97 euro jasoko dituzte hilean (% 7,69ko igoera).
Euskadiko alargunen Federazioak desadostasuna agertu du
Dena den, Euskadiko alargunen Federaziotik Euskadi Irratian azaldu dutenez, "neurriak ez du eragin handirik Euskadin". Izan ere, pentsio baxuenak jasotzen dituzten alargunek ez dutela igoera nabarituko argudiatu dute, diru-sarrerak bermatzeko errentarekin (DBE) egokitzen baitiete pentsioa.