Ekonomia -
Finantza-sistemaren erreforma
Gobernuak nazionalizatu egingo ditu bideragarriak ez diren kutxak
Hain zuzen ere, irailerako % 8ko oinarrizko kapitala ez duten kutxen akziodun egingo da Exekutiboa, Elena Salgado Ekonomia ministroak iragarri duenez.
Erredakzioa
Espainiako finantza-entitateek ezarrritako gutxieneko kapital baldintzak urratzen dituzten aurrezki-kutxa eta bankuetan akziodun gisa sartuko da Espainiako Gobernua. Beharrezko fondoak merkatuan lortzeko 2011ko irailera arte izango dute finantza-erakundeek.
Eskaera berriek "konfiantza berrezarri nahi dute, sistemaren sendotasunari buruz merkatuan izan daitezkeen zalantzak ezabatuz", Elena Salgado Ekonomia ministroak gaur iragarri duenez. Horrela, "kreditua gure ekonomiara, familietara eta enpresetara bideratzea bermatu" nahi dute, gaineratu du Salgadok.
Finantza-entitateek % 8ko oinarrizko kapitala izan beharko dute, baina kotizatzen ez duten erakundeek handiagoa izan beharko dute, aurrezki-kutxen kasuan gertatu bezala.
Horrela, Basilea III araudi berriak ezartzen dituen kapitalaren baldintzak aurreratuko ditu Gobernuak eta Espainiako finantza-entitateek bete beharko dituzte. Izan ere, baldintza horiek 2013an derrigorrez bete beharko dituzte.
Hala ere, Estatuaren esku-hartze hori "aldi baterako eta mugatua" izango da, izan ere, bost urteak ezin izango ditu gainditu. Era berean, laguntza jasotzen duten entitateek berregituraketa sakona egin beharko dute euren zuzendaritza organoetan.
Konkretuki, aurrezki-kutxek zuzendaritza organoak aldatu beharko dituzte kapital pribatua erakartazeko. Gainera, bideragarritasun egitasmo bat aurkeztu beharko dute, FROB ordezkatzeko inbertitzaile pribatuen sarrera aurrikusiz.