Ekonomia -
Elektrizitatearen prezioa
OCU: Gobernuak esandakoa baino % 2 gehiago garestitu da argindarra
Espainiako Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak dio urteko lehenengo fakturak aztertu ondoren, argindarraren prezioa % 11,9 garestitu dela, eta ez % 9,8.
Erredakzioa
Espainiako Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak (OCU) jakinarazi du urteko lehenengo fakturak begiratu ondoren, argindarraren prezioa % 11,9 garestitu dela urte batetik bestera, nahiz eta Industria Ministerioak esan prezioaren hazkundea % 9,8koa izango zela.
"Kilowattaren prezioa % 11,9 igo dela da errealitatea, eta % 13 igo da ordutegi-diskriminazioa dutenen kasuan", adierazi du kontsumitzaileen elkarteak agiri batean. Izan ere, OCUk zehaztu du Gobernuak urteko 3.000 kilowatt baino gutxiago kontsumitzen dutenekin atera zuela % 9,8ko kalkulua.
OCUk gogorarazi duenez, tarifa finkoa mantenduta eta kontsumoarena aldatuta, garestitzea are handiagoa izango da familiek 3.000 kilowatt baino gehiago kontsumitzen badute.
Era berean, kaltetuenak berogailu elektrikoak dituztenak izango direla salatu dute, hau da, gas-naturalik ez dutenak eta inguru epeketan bizi direnak.
Bien bitartean, hutsik dauden etxebizitzetan edo gutxi kontsumitzen duten bigarren etxebizitzetan igoerak ia ez du eraginik izango. OCUk dio horri esker "tarifaren igoera makillatu" ahal izan dutela.
OCU sinadurak biltzeko kanpaina egiten ari da tarifak izoztea eskatzeko eta dagoeneko 31.456 bildu dituzte.