Ekonomia -
Toledoko Itunaren txostena
Erretiroaren atzerapen malgu eta progresiboa onartu du Kongresuak
Erretiroa hartzeko adina atzeratzeko Toledoko Itunaren Batzordeak egindako gomendioen txostena onartu du Diputatuen Kongresuak ezkerreko gutxiengoen oposizioarekin.
Erredakzioa
Erretiroa hartzeko adina atzeratzeko Toledoko Itunaren Batzordeak egindako gomendioen txostena onartu du Diputatuen Kongresuak gaur, ezkerreko gutxiengoen oposizioarekin. PSOEk eta CiUk adostutako aldaketa bat txertatu dute testuan. Horrela, erretreta hartzeko adinaren araudi berria "malgutasunean eta mailaz mailako" sistema batean oinarritzea eskatu dute.
Proposamenak abenduaren 29an onartutako testua aldatzen du, eta EAJren eta CCren babesa jaso du. Aldeko 186 boto jaso ditu ekimenak. PP abstenitu egin da eta ERCk, IUk, ICVk, BNGk, NaBaik eta UPyDk kontrako botoa eman dute. PPk, ezkerreko gutxiengoek eta UPyDk aurkeztutako boto partikularrek ez dute aurrera egin. PP guztietan abstenitu da, berean izan ezik.
Era berean, EAJren boto partikularra bertan behera geratu da. Erkidegoek pentsioen "sistema singularrak eta bereziak" erabiltzeko aukera onartzea eskatzen zuen EAJk, elkartasun printzipioei eta herritar guztien berdintasun eskubideari eragin gabe.
Eskatutako 27 aldaketen artean bakarra onartu dute talde politiko guztiek. Pentsioen sistema publikoa mantentzeko eta hobetzeko talde guztien konpromisoa aitortzen du proposamen bateratu horrek.
Juan Morano Toledoko Itunaren Batzordeko presidenteak eztabaida zabaldu du. Pentsioen sistemaren "finantza-jasangarritasuna" bermatzeko egin beharreko aldaketa nagusiak zehazten ditu Batzordeak egindako txostenak, Moranok azaldu duenez.
Eztabaida
Datozen 35 urteetan pentsioen sistemak 22 milioi lagun hartuko ditu, 24 urteko biziraupenarekin batez beste, Jesus Caldera bozeramaile sozialistak azaldu duenez, aurreko 35 urteetan hartutakoaren bikoitza. Horregatik, pentsioen jasangarritasuna bermatzeko erreformak egitea beharrezkoa dela gaineratu du Calderak.
Pentsioen erreforma "halabeharrez fitxak mugitzera" mugatu ezin daitekeela ohartarazi du Tomas Burgos PPko bozermaileak. Gobernuak Toledoko Itunaren gomendioak kontuan hartu behar dituela erantsi du Burgosek.
Bestalde, pentsioen sistema publikoaren izaera publikoarekin talde parlamentarioek duten konpromisoa argi uzten dute 21 gomendioek, Carles Campuzano CiUko diputatuak azaldu duenez. Ezkerreko gutxiengoen ikuspegi "katastrofista" arbuiatu du Campuzanok.
Eztabaida erretiroa hartzeko adinean oinarritzeak suposatzen duen "desitxuratze mediatikoa" deitoratu du Emilio Olabarria EAJko bozeramaileak. Bide "murriztaile eta aberrantea" dela salatu du Olabarriak, izan ere, adina aldatzeak "ez du ezertarako balio" beste neurri batzuk kontuan hartzen ez baldin badira.