Ekonomia -

2018ko turismo datuak

Turisten kopuruak gora egin du berriro Euskadin

Bisitarien kopurua % 6 hazi da abuztuan, eta % 4,6 egin du gora urteko lehenengo zortzi hilabeteetan. Nolanahi dela, lurralde batetik bestera ezberdin hazi da turisten kopurua.

Turistak, Donostian. Argazkia: EiTB
Turistak, Donostian. Argazkia: EiTB
Turisten kopuruak % 4,6 gora egin du Euskadin

1:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuko gainerako autonomia erkidegoetan turismoak izan duen beherakadari izkin eginez, Euskadin turista kopuruak gora egin du berriro; hain zuzen ere, % 6,6ko gorakada izan du turismoak abuztuan, eta % 4,6koa urteko lehenengo zortzi hilabeteetan.

Alfredo Retortillo Turismo sailburuak udako turismoaren balantzeak utzitako datuak eman ditu ezagutzera gaur, Eustat Euskal Estatistika Erakundearen txostenean oinarrituta.

Abuztuan, guztira, 377.745 lagunek egin zuten lo Euskadiko hotel eta landetxeetan, iaz baino % 6,1 gehiagok. Turisten kopurua are altuagoa da, Eustatek ez dituelako kontuan hartzen aterpetxeetan edo kanpinetan lo egiten duten bisitariak, ezta egun-pasa datozenak ere.

"Euskadin turismoaren bilakaera goraka doa, Estatuko beste zenbait autonomia erkidegoetan ez bezala. Hondartza turismoan oinarrituta ez egoteak laguntzen du horretan, Mediterraneoan kokatutako Egipto eta Tunisia bezalako herrialde arrakastatsuekin lehiatu beharrik ez duelako", nabarmendu du Retortillok.

Oraindik ere, nazioarteko turismoak ematen dio indarra Euskadiko turismoari. Esan bezala, % 6,6ko igoera izan du abuztuan. Hilabete horretan Estatuko beste toki batzuetatik iritsitako bisitarien kopurua ere hazi egin da, baita Euskadi barruko turisten bisitak ere.

Nolanahi dela, lurralde batetik bestera ezberdin hazi da turisten kopurua: Bizkaiak 10.350 pertsona gehiago hartu ditu (% 6 gehiago), Gipuzkoa 11.177 lagun gehiagoren bisita izan du (% 8,2ko hazkundea) eta Araban iaz baino 169 bisitari gehiago izan dira (% 0,3ko igoera).

Urteko datuen arabera, urtarriletik abuztura 2,1 milioi turista egon dira Euskadin, betiere, hoteletako eta landetxeetako datuei soilik erreparatuta. Horrek esan nahi du iaz baino 100.000 turista gehiago izan direla; % 4,6ko hazkundea izan da, beraz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Eustat