Ekonomia -

Foru araua

Gipuzkoak % 30eko kenkariak aplikatuko dizkie Euskadin egindako filmei

Gainera, kenkaria % 40koa izango da pelikula euskaraz baldin bada, eta % 25ekoa Euskadin filmatzen diren atzerriko produkzioen kasuan.

'Handia'ren filmatzea. Artxiboko irudia: EiTB
'Handia'ren filmatzea. Artxiboko irudia: EiTB
Gipuzkoako Aldundiak zinemarentzat laguntza berriak iragarri ditu

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin edo beste erkidego batzuetan ekoitzitako zinema proiektuentzako % 30eko kenkari fiskalak iragarri ditu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gainera, kenkaria % 40koa izango da pelikula euskaraz baldin bada, eta % 25ekoa Euskadin filmatzen diren atzerriko produkzioen kasuan.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Jabier Larrañaga Ogasun diputatuak Foru Arau aurreproiektua aurkeztu dute prentsaurrekoan. Neurri-sorta foru gobernu kontseiluak onartu eta Batzar Nagusietan bozkatu beharko dute.

Araua 2019ko urtarrilaren 1ean indarrean sartzea espero dute, baina neurriak ezin izango dira aplikatu Europako agintariek oniritzia eman arte, azaldu dutenez.

Euskadin edo Estatuko beste toki batean ekoitzitako produkzioek, baina Gipuzkoan egoitza duten enpresek egindakoek, % 30eko kenkaria izango dute bazkun-zergan; gehienez 2,5 milioi euro.

 

Neurriak ezin izango dira aplikatu Europako agintariek oniritzia eman arte

 

Baldintzen artean, gutxienez gastuen % 50 Euskal Autonomia Erkidegoan egin beharko dituzte pelikulek; egitasmoaren ekipoan gutxienez lau langile (teknikariak zein artistak) EAEko herritarrak izan beharko dira eta Euskadin gutxienez bi astez filmatu beharko dute, film laburrek salbu.

Pizgarria % 40ekoa izango da euskarazko lanen kasuan, eta kenkaria filmak zinema-aretoetan edo telebistan estreinatzen diren ekitaldian aplikatuko da.

Azkenik, nazioarteko produkzioek % 25eko kenkariak izango dituzte Euskadin egindako gastuetan. Hori bai, gastua gutxienez milioi bat eurokoa izan behar da industria tekniko zein hornitzaileetan. Gehienez 2,5 milioi euroko kenkaria aplikatuko zaie.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Zinema Eguneko albisteak Kultura Albisteak Enpresaburuak