Ekonomia -
Berregituraketa
La Caixa banku bihurtu da
La Caixako administrazio kontseiluak bankuko negozioa CaixaBankera eraman duela jakinarazi du ostegun honetan.
Erredakzioa
La Caixako eta Criteriako administrazio kontseiluek La Caixa banku bihurtzea onartu dute gaur egindako bilera batean; hori horrela, Criteria Caixabank bihurtuko da, besteak beste, Espainiako Gobernuak finantza sistemari eusteko egindako eskakizun berriei aurre egiteko.
2010eko emaitzak aurkeztu baino egun bat lehenago banku bihurtzea onartu dute eta negozioa Caixabankera aldatzea erabaki dute. Caixabankek aseguruen negozioa eta nazioarteko bankuetako partizipazioak, zein inbertsio kolektiboko erakunde kudeatzaileenak izango ditu bere menpe; era berean, Telefonica eta Repsol enpresetako partizipazioak izango ditu; La Caixa, aldiz, Gas Naturaleko, Agbarreko, Abertiseko eta Port Aventurako partizipazioekin geldituko da. Era berean, Colonial, Metrovacesa eta beste higiezin batzuetako aktiboekin geldituko da.
La Caixak Basilea II.ko irizpideak kontutan izanda egindako kalkuluen arabera, Caixabankek % 10,9ko kapitala izango du; ildo horretan, Criteriak 1.500 milioirainoko bono bihurgarrien jaulkipena egin beharko du La Caixa sarearen bitartez. Izan ere, La Caixak aurrezki kutxa izaten jarraituko du eta kotizatu gabeko holding baten jabea izango da % 100ean, bertan, La Caixako gizarte-ekintza sartuko du.
Eragiketa horren helburua Caixabankeko "baliabide propioen azpiegitura indartzea" da, Elena Salgado Espainiako Gobernuko Ekonomia ministroak joan den astelehenean Espainiako finantza sistemaren kaudimena handitzeko egindako eskakizunei erantzuteko.