Ekonomia -
Pentsioen erreforma
Gobernuak akordioa lortu du sindikatuekin eta patronalarekin
Negoziazioak goizaldean bukatu dituzte, eta Gobernuak gaur bertan onartuko du erreforma. Ondoren, Kongresura igorriko du.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek akordioa lortu dute gaur goizaldean pentsioen sistema erreformatzeko eta enplegu-politika aktiboetan eta lan hitzarmenen negoziazioetan aldaketa batzuk egiteko, Industria Ministerioak baieztatu duenez.
Beste hainbat punturen artean, akordioaren ondorioz 65 urtetik 67ra atzeratuko dute erretiro adina, baina 38,5 urte kotizatzen dituzten langileak 65ekin erretiratu ahalko dira.
Alde guztien arteko akordioa in extremis iritsi da, negoziazio luzeen ostean, Gobernuak iragarri baitzuen gaur onartuko duela erreforma, akordioa egon edo ez egon. Azkenean, itun sozial zabalarekin egin ahalko du.
Sindikatuek eta patronalak erreformari baiezkoa eman eta gero, orain alderdi politikoek egin beharko dute. PPk, adibidez, ados dagoela aurreratu du, oraindik akordioaren "letra txikia" irakurri ez badu ere.
Alde guztien arteko bilera goizeko lauretan bukatu da, baina hurrengo egunetan negoziatzen jarraituko dute, enplegu-politika aktiboak eta industria, energia eta zientzia politikak adosten saiatzeko.
Gobernuak, sindikatuek eta patronalak hilabeteak daramatzate pentsioen erreforma negoziatzen. Denbora gehiena ez aurrera ez atzera izan dira, baina Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuak Ignacio Fernandez Toxorekin (CCOO) eta Candido Mendezekin (UGT) asteazkenean egin zuen afaria giltzarri izan da negoziazioei azken bultzada emateko.
Orain, baliteke alde guztiek akordioaren argazkia egitea. Otsailaren 2an izan liteke, Moncloa Jauregian.