Ekonomia -
Osasun kontrolik gabe
Ardi hiltegi klandestino bat aurkitu dute Lezaman
Ertzaintzak ikerketa iragan abuztuan abiatu zuen, Bizkaiko Foru Aldundiak Lezamako “abeltzaintzako ustiategi batean animalien hondakinak kontrolik gabe” zeudela ohartarazi ondoren.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak legez kanpoko hiltegi bat aurkitu du Lezaman (Bizkaia). Inolako osasun kontrolik gabe ardiak eta arkumeak hiltzen zituen, eta haragia partikularrei saltzen zien. Abeltzaintzako ustiategiaren maizterra ikertzen ari dira.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintzak ikerketa abuztu amaieran abiatu zuen, Bizkaiko Foru Aldundiak Lezamako “abeltzaintzako ustiategian animalien hondakinak kontrolik gabe” zeudela ohartarazi ondoren.
Bertaratu ziren ertzainek abeltzaintzako ustiategi barruan hiltegi klandestinoa zegoela egiaztatu zuten.
Bertan bildotsak eta ardiak inolako baimenik eta osasun kontrolik gabe hiltzen zirela uste du Ertzaintzak. Gainera, animalien haragia partikularrei saltzen zioten.
Saiak
Ondoren, animalien hondakinak alboko lursail batean botatzen zituzten. Haratustelak saiak erakartzen zituen.
Ikerketa asteazkenean amaitu zen. Ertzaintzak instalazioak miatu eta legez kanpoko jarduera baieztatu zuen.
Lursailean 30 bat abelbururen hondakinak topatu eta inguruan zortzi putre hegan egiten ikusi zituzten.
Ustiategiko maizterra identifikatu zuen Ertzaintzak, eta osasun publikoaren aurkako delitua eta animalien kontrako tratu txarrak egotzita ikertzen ari direla jakinarazi zioten.
Atzo bertan animalien hondakinak kentzen hasi ziren. Ikerketaren emaitzarekin atestatua igorriko dio Ertzaintzak dagokion epaitegiari.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak zehapen-espediente bat zabaldu du.