Ekonomia -
Manifestazioa
Langileen segurtasuna bermatzeko neurriak eskatu dituzte ehunka lagunek Iruñean
Sindikatuek lan-istripuen gorakada salatu dute Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta egin duten manifestazioan. Halaber, aurten dagoeneko 16 langile hil direla gogora ekarri dute.
Agentziak | Erredakzioa
ELA, LAB, CGT, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta, 200 bat lagunek langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurriak hartzea eskatu duen manifestazioan parte hartu dute larunbat arratsalde honetan Iruñean. Izan ere, "2018an joan den urtean baino gehiago dira bere lanpostuan bizitza galdu duten pertsonak", sindikatuek salatu dutenez.
Manifestazioa Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatu da 18:30ean, eta aurten Nafarroan hil diren 15 langileak irudikatzen dituzten 16 silueta beltz eraman dituzte manifestazioaren lehen lerroan. "Geure bizitzaren defentsan" lelopean, urte hasieratik izandako lan-istripuen kontrako elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean.
Besteak beste, "lan istripu gehiagorik ez!", "prekarietateak hiltzen du" edota "noiz arte prebentziorik gabe?" oihukatu dute ibilbidean zehar.
Igor Arroyo LAB sindikatuko bozeramaileak hedabideen aurrean ziurtatu duenez, "egoera izugarria da gaur egun". Izan ere, "aurten dagoeneko 16 dira hildakoak, eta horietatik 11 azken bi hilabetetan hil dira".
Gauzak horrela, "prekarietatearekin amaitzeko ordua" dela azpimarratu du, eta gaur egun indarrean dagoen prebentzio sistema aldatzeko eskatu die patronalari, UGTri eta CCOOri.
Bestalde, lan osasuna eta lan-istripuekin zerikusia duten bestelako gaiak Nafarroako Gobernuaren lehentasunen artean ez daudela deitoratu du Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko ordezkariak.
"Lan-istripuetan hiltzen diren langileen berri ematen dugun bakoitzean, istripu gehienak saihestu zitezkeela izan behar dugu gogoan. Enpresa askoren konpromiso faltaren baita erakundeen gelditasunaren aurrean gaude", gaineratu du Lakuntzak.
Horrenbestez, herritarrak lehentasuna duen benetako arazoa dela gogoan izatea espero duela esan du, eta prekarietatearen kontrako mezua zabaldu du.