Ekonomia -
Akordioa
Itun soziala dagoeneko prest dago eta asteazken honetan sinatuko dute
Pentsioen, negoziaketa kolektiboaren eta lan politika aktiboen inguruan sindikatuekin eta enpresariekin lortutako akordioak "Estatuan eta atzerrian konfiantza emango du", adierazi du Rubalcabak.
Erredakzioa
Gobernuak, sindikatuek eta patronalak adostutako itun soziala dagoeneko prest dago eta bihar, asteazkena, sinatuko dute Moncloako jauregian. Akordioa bart itxi zuten eta behin berretsi ostean xehetasunak jakitera emango dituzte. Akordio ekonomiko eta soziala berretsi dute sindikatuek eta patronalak, Exekutiboarekin bart adostu eta gero.
Lan politika aktiboen eta industria eta energia politikaren inguruan jarrerak hurbildu ostean, itun handi bat adostu dute. Iragan astean pentsioen inguruan adostasuna lortu zutenean lehen pausoa eman zuten negoziaketan.
Behin betiko akordioa gauerdian lortu zuten eta goizean berretsi dute sindikatuek eta patronalak zuzendaritza organoetan. Alde guztiak pozik agertu dira eta itun sozial eta ekonomikoak " lanpostuak sortzen lagunduko" duela esan dute. Gainera, itunarekin "akordioa posible" dela demostratu dute.
Pentsioen inguruan akordioa lortzeaz gain, negoziaketa kolektiboa, energia eta industria politika eta lan politika aktiboak itunean bildu dituzte. Azkenik, Gobernuak eta sindikatuek gazteen langabeziari aurre egiteko egitasmo bat martxan jartzeko akordioa lortu dute.
"Konfiantza emango du"
Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko presidenteordeak azaldu duenez, pentsioen, negoziaketa kolektiboaren eta lan politika aktiboen inguruan sindikatuekin eta enpresariekin lortutako akordioak "Estatuan eta atzerrian konfiantza emango du"
"Ekonomia suspertzeko oinarrizko helburua" du akordio berriak eta, ondorioz, "lanpostuak sortu", gazteen artean batez ere, "langabezia tasarik altuenak dituztelako", azpimarratu du Rubalcabak.