Ekonomia -
DIMISIOA
Jorge Gabiola, Tubos Reunidoseko presidente berria, Guillermo Ulaciak dimititu ostean
Administrazio kontseiluak orain arte buruzagi izan denaren dimisioa onartu du, haren aroa amaitu dela iritzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guillermo Ulacia Tubos Reunidoseko presidenteak dimititu egin du eta Jorge Gabiolak ordezkatuko du karguan, CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak gaur jakinarazi duenez. Orain arte, konpainiako kontseilari-koordinatzailea zen.
Administrazio kontseiluak Ulaciaren dimisioa onartu du, haren aroa amaitu dela iritzita. "Transforma 360 planean aurrerapen positiboak egin badira ere, nazioarteko merkatuaren nahasmenduak, berezi Trumpen administrazioak ezarritako arantzelen ostean, eta alor sozialean izandako zailtasunek lidergo berria eskatzen dute", azaldu du konpainiak.
Dena den, Tubos Reunidosek egindako lana eskertu nahi izan dio Guillermo Ulaciari.
Jorge Gabiolak, bere aldetik, kontseilari-koordinatzaile eta kontseiluko idazkari izateari utziko dio, presidente izendatua izan ostean. Hala ere, presidente gisa ez du funtzio betearazlerik izango.
Bestalde, administrazio kontseiluak Carlos Lopez de las Heras zuzendari nagusi izendatu du eta Ines Nuñez de la Parte, ostera, kontseiluko idazkari.