Ekonomia -
Akordio Ekonomikoa
Gobernuaren erreformak ez babesteko eskatu dio EAJri ELAk
Akordio Sozial eta Ekonomikoa "pentsioen historiako murrizketarik handienari" babesa emateko "antzezpen" bat baino ez dela salatu du ELA sindikatuak.
Erredakzioa
Zapateroren Gobernuaren erreformak ez babesteko eskatu die alderdi politikoei, bereziki EAJri, ELA sindikatuak gaur. Akordio Sozial eta Ekonomikoaren aurka egiteko eskatu die alderdiei sindikatu abertzaleak, "gizartearen gehiengo argi batek urtarrilak 27ko greba orokorrean eskatu bezala".
Akordio Sozial eta Ekonomikoa "pentsioen historiako murrizketarik handienari" babesa emateko "antzezpen" bat baino ez dela salatu du ELAk. Gainera, "etorkizunean eraso gehiago " izango direla ematen du: Negoziazio kolektiboaren erreforma, lan politika aktiboak edo lan-erreformaren garapena.
Krisi ekonomikoak eta CCOO eta UGT sindikatuen "menpekotasun ekonomikoak" negoziaketen "antzezpena" eta akordioa bera azaltzen dute. Ituna sinatu duten sindikatuek "euren muga" guztiak gainditu dituzte "Gobernuari aurpegia garbitzeko", salatu du sindikatu abertzaleak. Izan ere, Exekutiboaren tesi guztiak onartu dituzte. Zentzu horretan, aldez aurretik botere politikoak patronalaren aldarrikapen guztiak onartu dituela azaldu du ELAk.
Horregatik, "pentsioen eta negoziaketa kolektiboaren erreformen aurka bozkatzeko" eskatu die alderdiei Amaia Muñoa ELAko ordezkariak. "EAJk botoa du Madrilen eta lan-erreformarekin gizartearen gehiengoak zer nahi duen zenbat axola zaion demostratu digu", erantsi du.
Momentuz, erreforma berriei aurre egiteko mobilizazioen egutegi bat osatzeko lanean ari da ELA beste sindikatu abertzaleekin batera, Muñoak azaldu duenez.